19 200 pertsona heldu dira Heletarat 3 egunetan EHZ festibalaz gozatzeko
Euskal Herria Zuzenean festibala arrakastatsua izan da. Iazko zailtasunak ikusita -lehen eguneko tenpesta, gaueko animazioen anulazioa eta Mattin Olzomendi eta Peio Irigoieren atxiloketak- zaila ikusten zen geroa baina aurten jende anitz etorri da Heletarat eta antolatzaileak kontent dira. Orotara 19 200 pertsona bildu dira. Igandeko gaua kontatu gabe hemen xifrak: 1. egunean: 7 000 lagun hurbildu dira Heletarat; 2. egunean 6 500 eta hirugarren egunean 5 700. Beraz helburuak bete dira ! ( EHZ 2011ren karietara berri eta argazki galeriak Kazeta.infok festibalari eskeinitako gune berezian atxemanen dituzue ).
Azken txanpan, plaza jendez eta elkartasunez beterik
Presoen aldeko argazki eta kanta jendetsuak
Larunbatean, plazan eta merkatuan eman dugu eguna, baina gauean kontzertuek sutan jarri dute Heleta. Gaurkoan, bestazaleei bizkarra eman gabe, beste publikoari zabalduko da festibala. Familiak eta, orohar, ez hain gazteak erakarriz. Izan ere, Heletan bada zer egin. Bertsolariak, antzerkia, pilota, zikiroa bazkaria, txarangak. Eguerdian, amnistiaren dema abestuz jendez beteta zegoen plazak omenaldia eskeini die presoei. Eta arratsean, azkeneko musika maratoia ! Gora bihotzak !
Bigarren eguna, oholtzatik plazara, giroa bero-bero
Pesta giroa eta herritarren engaiamenduak uztartuz
Barda, euskaldun eta jatorri ezberdinetako artistek giro ezin hobea eman ondoren EHZak eintzina segitzen du. Bistan dena eta beharrik kontzertuek leku haundi bat ukanen dute gaurko festibalaren programazioan ere. Zer litzateke EHZ kontzerturik gabe ? Baina, kontzertu haien gehigarriz, herriko plaza mota ezberdinetako animazioz josia da ibiakoitz hunetan. ( Jarraipen berezia: MusikaZuzenean.com-en).
Gora komunikazioa!
Erronka polita finkatu du festibalak. Mezuari eman nahi dio garrantzia, ez solik musikari. Erabakia zinez zentsuzkoa. EHZ sortu zenetik 16 urte joan dira. Denbora horretan gure inguru hurbilean festibal batzuk desagertu dira, baina beste batzuk, aski indartsuak gainera, heldu dira. Afitxen arteko -are gehoago loho arteko norgehiagoka- lehiaketa garesti jarri da. Horregatik, EHZk puntako artistak ekartzearekin batera, mezuari, baloreei, eleari, indar berria ematea eskertzekoa da.
Festibalzaleak heldu dira, lehen kontzertuak ere
Lainorik gabeko zeru urdin azpian zabaldu ditu hegalak festibalak
Lainorik gabeko zeru urdin baten azpian, ostiral goizetik hasi da, emeki emeki, Heletako plaza festibalzalez betetzen. Argi da arrats hunetako Baxenafartar herrixka jendez "inbaditurik" izanen dela. Hala nola, antolatzaileen arabera 9000 pertsona guttienez, igurikatuak dira EHZk eskaintzen duen giro beroan buruz belarri sartzeko. Eta hori guzia, lan eta lan ari diren 700 bat laguntzaileren borondateari esker. ( Elkarrizketa: Fermin Muguruza, artista eta festibalaria ).
Muga guztiak gainditzeko gogoz
Kasu, kasu! hiru egun zoragarriren pasatzeko aukera bada asteburu hunetan Heletan. Ezinbesteko hitzordua bilakatu den Euskal Herria Zuzenean festibala ortziral arratsean hasiko da indarrean. Milaka lagunek festibalaren baloreak diren euskal kultura eta hizkuntza, baina baita euskal preso politikoen eskubidee defentsa, globalizazioaren aurkako borroka eta orohar, elkartasuna, partekatuko dituzte pesta giroan Baxe Nafarroako herrixkan. Muga geografikoa, politikoak, sozialak edo-ta kulturalak gainditzeko gogoz "mugetatik'at" lelopean haren hamaseigarren edizioa ospatzen du festibalak.
Aurore Martin laguntzaile gisa arituko da
Euskal Herria Zuzenean festibalak aurten aukeratutako lemak -Mugetatik'at- adierazpen zehatza izanen du. Oztopoak oztopo, Aurore Martin laguntzaile gisa arituko baita gaurdanik. Festibalak prentsa gonbidatu du gaur prestakuntzen azken berrien emaiteko eta agerraldi horreran eman dute berria. Bestalde, jaialdirako, aurreikuspen positiboak badirela zehaztu dute Heletan eginiko aurkezpenean. Aurresalmenta iaz baino azkarrago doala - 6.500 sartze salduak dira dagoeneko- jakinarazi du komunikazio batzordearen Izarne Molina arduradunak.


- 