Gora komunikazioa!
Erronka polita finkatu du festibalak. Mezuari eman nahi dio garrantzia, ez solik musikari. Erabakia zinez zentsuzkoa. EHZ sortu zenetik 16 urte joan dira. Denbora horretan gure inguru hurbilean festibal batzuk desagertu dira, baina beste batzuk, aski indartsuak gainera, heldu dira. Afitxen arteko -are gehoago loho arteko norgehiagoka- lehiaketa garesti jarri da. Horregatik, EHZk puntako artistak ekartzearekin batera, mezuari, baloreei, eleari, indar berria ematea eskertzekoa da.
Hitza eta soinua, kalakaldia eta kale giroa, oholtza eta plaza. EHZ anitza da eta hamaika kolore hartzen duen jaialdiak hortik hartzen du bere energia.
Elkartasuna eta engaiamendua, besta eta herri ahotsa.. hitzak Heletan duen indarraz jabetzeko mintzaldietara, merkatura, zinemara, plazara... joatea aski da.
Izan ere, jendearen arteko harremana eta komunikazioa hobetzeko ahalegin berezia sumatzen da aurten. Alde batetik, festibalak hedabideak erakarri ditu aurten ere Baxe Nabarreko herrixka honetara. Ipar Euskal Herriko hedabide nagusiak hemen dira... batzuk bisita labur batentzat etorriak baina besteak -euskaldunak, noski- asteburu osoa hemen izaiteko. Bestetik festibaleko antolatzaileek erabat barneraturik duten transmisioaren lana baitezpadakoa dela.
Berrikuntzak kanpoko zein barneko komunikazioan
Lehen multzoan, hedabideen atalean, musikazuzenean.com egitasmoa aipatu beharra dago. Bere lehen urtea da festibalean -estreinua webgunearena da, bistan dena, egitasmoaren sustatzaileak aspaldiko lagunak ditu EHZk- eta jarraipen berezia eginen du. Guztiz gomendagarria, beraz, haiengana jotzea informazioa bero-bero jasotzeko.
Bigarren atalean, EHZko komunikazio taldeak pario handia egin duela zuzenean informazioa emateko nabarmendu behar da. Webgunea ahantzi gabe, festibalak bere kazeta sortu du, barne komunikazio haria elikatzeko. Hortaz gain irratiak paper garrantzitsua beteko du aurten.
Baina komunikazioak oso bestelako formak hartzen ditu Heletan eta nola ahantzi afitxak, banderolak, grafittiak, muralak. Nehor ez dadila geratu bere puntua bota gabe. Gora komunikazioa !





