Lainorik gabeko zeru urdin azpian zabaldu ditu hegalak festibalak

Argitaratua: 2011-07-01 22:24:29

Lainorik gabeko zeru urdin baten azpian, ostiral goizetik hasi da, emeki emeki, Heletako plaza festibalzalez betetzen. Argi da arrats hunetako Baxenafartar herrixka jendez "inbaditurik" izanen dela. Hala nola, antolatzaileen arabera 9000 pertsona guttienez, igurikatuak dira EHZk eskaintzen duen giro beroan buruz belarri sartzeko. Eta hori guzia, lan eta lan ari diren 700 bat laguntzaileren borondateari esker. ( Elkarrizketa: Fermin Muguruza, artista eta festibalaria ).

Mattin PETRISSANS / HELETA
EHZk duen giroaren tenperaturaren hartzeko, KAZETA.INFOk festibalzale pare baten lekukotasunak hartu ditu. "Heldu naiz festibalera musika programazio aberatsa duelako eta dituen baloreen sustengatzeko. Azken haiek gabe, EHZ ez litzateke gehiago EHZ. Horrez gain barnekaldeko eta kostaldeko jendeen nahasketak pesta giroan, barnekaldeko izpiritua edo nortasunaren ezagutaraztea ahalbidetzen du" adierazi du Xalbat Seosse aihertarrak.

"Bospasei garren urtea EHZra heldu nintzela. Aurten ere programazioa bikaina aurkitzen da, zinez denetarik bada. Sorgin sorkuntzan parte hartzen dut, 50 bat lagun gira. Biziki interesgarria eta artistikoa da" azaldu du Ainara Davril uztariztarrak haren partetik.

Zoin kontzertu aholkatzen didazu arrats huntako?
Ortziraleko arrats huntan kontzertuek dira nabarmenduko EHZren programazioan. Musika estilo ainiztasunaren esker gustu guzientzat programazio polita bat proposaturik da. 15 taldeen artean bizpahiru aipatu behar baldin baziren, azpimarragarrienak Morcheeba britainiarra, Balkanetako Goran Bregovic eta Marseillako I Am izanen ziren seguraski, baina besteen baztertzea zinez barkaezina litzateke.

Festibalaren lehen kontzertu nagusia Gibelerri eszena nagusian izanen da ortziralean, 18:45tan. Morcheeba hirukote britainiar ospetsuak blues eta folk doinuekin girotuko dituzte bazterrak. 70.hamarkadako soinuak, baita hip-hop, elektro eta pop estiloen aztarnak senditzen dira taldearen obretan. Jaz atera duen zazpigarren diskoaren ( Blood Like Lemonade ) ondotik, erran daiteke trip-hop mugimenduaren ordezkari nagusienetariko bat dela Morcheeba.


Gero, bi oren berantago Tokyo Sex Destruction taldeari tokia utziko dako britaniar taldeak. "Rock garaje" estiloaz inspiraturik, energiaz betetako laukotea Kataluniatik helduko zaigu Heletarat. 22:30tan, Balkanetako Goran Bregovicek tzigan musika erakargarriarekin liluratuko du publikoa. Artista paregabea, rock izarra, filma musiken sortzaile, oratorioen eta ijito opera ezberdinen ekoizle, Goran Bregovic Balkanetako musika tradizionalaren garapen eta hedapenean eragin haundiena duen musikaria da.

Balkanetatik Marseilara
Ondotik, hip hop frantsesaren historian lerro ederrenetarikoak idatzi dituen I AM taldaren itzulia izanen da. Marseillako taldea 1993an sortu zen eta belaunaldi oso batentzat zinezko erreferentzia bilakatu da erritmo eta hitz joko aberatsen bitartez, garai  baten errealitate ixildua plazaratuz eta gizarte mailako gai sensibleen bozeramailea izanez.

Hip hop munduaren adituek ezagutzen dituzten Akhenaton, Shurik’n, Kheops, Kephren, Imothep eta Freemanek (2009an taldea utzi duena) osatzen dute I AM. Gibelherriko azken kontzertua Nasser hirukoteak du segurtatuko. Rock eta elektro estiloak uztartuz, melodia azkarren bidez izugarrizko giroa sortzeko gaitasuna du taldeak.

Urbeltzetan ere bada zer entzun eta ikus
Euskal Herriko heavy metal talde zaharrena ( 1985 ) den Killers laukote mitikoak du Urbeltzetako kontzertuen idekiera emanen 19:45tan. Metalzaleen bihotzean leku on bat badu Bardoze aldeko taldeak. "Hard rock Magazine" aldizkarian frantses metal disko hoberenaren saria irabazi zuen "Habemus metal" lanari esker 2002an. Ondoren Pianoa Bateria eta kantari baten bidez giro melodiko eta bortitzak nahasi ditu M.O.P.A taldeak.

Kontzertu gaualdiak aurrera segi dezan, emozioz betetatako Le prince Miiaou taldeak, Kuraia talde ohiko kantariak osatzen duen Estricalla hardcore talde indartsuak edo Le Catcheur et La Pute elektro taldeak giro ezin hobea segurtatuko dute.

Itsasoa ostatuko eszenan, aldiz, giro pixka bat intimistago batean, bostetatik eintzina Aguxtin Ta Battittek eskainiko du lehen kontzertua. Gero, gitarra eta 1.000 pedalaren bidez rockaren norma klasikoak desegiten dituen Mein Sohn Williamsek segida hartuko du.

Azkenik, 19:00tan, merezitutako bide luze bat egiten duen Anari artista Itsasoara hurbilduko zaigu bihotzen apurtzera haren musika eta botza melodikoarekin.

Dokumentala bat kontzertu andana baten artean
Artikuluaren hastapenean erran bezala, kontzertuak dira izanen lehen egun honen protagonista nagusiak  bainan, mezuei zuzendutako Erregelu trinketean bideo dokumentala baten ikusteko parada ukanen dute ere festibalzaleek. Jamal El Arch errealizadorearen "Les femmes de toutes les histoires" ( Historio guzietako emazteak ) filma aurkeztuko da. Dantza eta gorputzari leku garrantzitsua uzten dien filmak gizabanakoen eraikuntza konplexua aztertzen du, norberak duen historiaren irudikapena integratuz.

EHZren webgune ofiziala: www.ehz-festibala.com


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi