Pesta giroa eta herritarren engaiamenduak uztartuz

Argitaratua: 2011-07-02 16:58:19

Barda, euskaldun eta jatorri ezberdinetako artistek giro ezin hobea eman ondoren EHZak eintzina segitzen du. Bistan dena eta beharrik kontzertuek leku haundi bat ukanen dute gaurko festibalaren programazioan ere. Zer litzateke EHZ kontzerturik gabe ? Baina, kontzertu haien gehigarriz, herriko plaza mota ezberdinetako animazioz josia da ibiakoitz hunetan. ( Jarraipen berezia: MusikaZuzenean.com-en).


Larunbat arrats hastapenean, ostatu, kontzertu, antzerki eta beste animazioetan gustatu ondoren, KAZETA.INFOk pausaño bat egin du elkarteen herrixkan haietariko batzuekin hitz egiteko eta beraz haien eginkizun, filosofia edo nortasunaren aurkezteko.

Elkarteen herrixka hau Euskal Herriko erakusleiho bat da. Arlo ezberdinetako elkarteak ikusgai dira eta gure kazeta presente diren hogei bat standen artean Askapena, Gatutazain eta Radiokulturarenean gelditu da.

Askapena, 1987tik geroztik, iraultzan dauden beste herrialdekin harremanetan den elkartasunezko erakunde bat da. Herri haietan diren prozesuen berri jasotzen, haietarik ikasten eta Euskal Herriaren egoera ezagutarazten du elkartasuna ekarriz. Lau lan ildo ditu Askapenak: demokrazia partehartzailea, memoria historikoa, Alternatiba sozioproduktiboak eta Palestina.

Aipatutako azken herri hunen gehigarriz, Askapenak Venezuela, Argentina edo Mexiko bezalako herrietara brigadak igortzen ditu. Haren esperientziaren partikatzeko Askapeneko kide batzuk EHZko eztabaidetan parte hartzen dute gaur.

Gatuzain argitaletxea, EHZ bezala, 90 hamarkadako Patxa mugimenduaren eboluzio bat da. "Batzuk EHZ bultzatu duten Piztu elkartea sortu zuten, batzuk Patxokia, beste batzuk disko argitalpenean lan egin dute ... eta guk beraz liburu argitaletxe hau sortu ginuen" dio Gatuzaineko Joana Irigaray permanenteak. Historikoki loturak dituzte beraz argitaletxeak eta festibalak. Justuki, "Patxatik EHZra: Besta bai! Borroka ere bai?" gaualdian antolatu zuen, astearte gauean, Gatuzainek Heletan.
Argitaletxearen helburu nagusia "herri mugimenduen berri eta gertakarien oroimena atxikitzea da. Hitza ttipier emaiten diegu, argitaletxe haundienentzat baitezpada interesgarri ez diren horier" gaineratu du.
"RadioKultura herri komunikabide bat denez EHZren filosofiarekin bat egiten dugu . Elkarrekiko lotura naturala izan da" dio irrati numerikoko Mikel Etxebarria buruak. "EHZan, ohartzen gira hegoaldeko jendeengan ez girela hain ezagunak, stand baten atxikitzeak komunikatzeko aukera ona emaiten du" azaldu du haren partetik Beñat Etxarren lankideak.

RadioKulturak euskara sustatzea eta Euskal Herriaren ezagutza areagotzea ditu bi eginkizun nagusiak. Irratiak erreportai tenporalak egiten ditu. Euskal kultura, historia, euskal eragileei buruzko emankizunak, euskararen ikasteko kurtxoak... hots, euskal identitatea transmititzen duten gaiak jorratuak dira.

Baita ere, arlo ludikoago bat eskaintzen du internetez soilik emititzen duen irratiak: Euskal Herriko eta mundu osoko musika emankizunak proposatzea. "Atenporalak gira edonorrek nahi duena nahi duenean entzuten ahal gaiut" zehaztu du Etxebarriak.

Merkatutik plazara
Eguerditik eintzina, Heletako plazan animazioa ez da gelditzen. Lehen ikusgarria antzerki bat izan da. Etxakama konpainiak Azken euskalduna antzerkia aurkeztu du. Euskal Herriak errepublika lortu duen istorio futurista bat kondaturik da. Arazoa, errepublika hunetan euskaradun bakar bat beizik gelditzen dela eta jendeek, pertsona arraro hau museo batean ezarri durela bisitatzeko...

14:00tan bi emazteei eta haien ibilbide atipikoari buruzko dantza emanaldia eskaini du "Ainsi font" bikoteak. Nortasuna, kontrola, manipulazioa, gorputzaren eraikuntza eta suntsiketaren gaiak aztertzen dira dantzaren bidez.

Hiruetan, Kukai konpainiak Soka 2 karrika ikuskizuna eman du. Euskal herriko dantza tradizionala eta dantza garaikidea batzen ditu konpainiak, sokadantzaren iduriko behialako usaiak birsortzeko asmoz.

Oren bat berantago, 16:00tan, Lagunarte konpainiaren bitartez Sorgin proiektuko Gaia sorkuntzaren ikusteko tenorea izanen da. Musika, dantza eta eskalada nahasten dituen soinuz eta keinuz osatutako emanaldi ibiltari erraldoia bat da. Zapalkuntza eta askatasuna, adierazpena eta hizkuntza, dependentzia, hertsapen soziala eta manipulazioa dira aipagai lur eta airezko ikuskizunean.

Egunean zehar, Maria Dolores eta Los Crucificados bere musikari fidelek, txarangek edo Circalouest konpainiako akrobatek plaza animatuko dute.

Erregelu gunea, eztabaida gunea
Erregelu trinketean 10:30tik 19:00ra mintzaldiak antolaturik dira. Goizeko lehen mintzaldia ( 11:00tan ) lurra eta lurraldetasunari buruzkoa izan da. Lurraren berreskuratze borrokak eta herriaren burujabetasunaren aldarrikapena autonomiaren proiekturentzat gaiak jorratu dira mintzaldien bidez.

Arratsaldeko lehen partean, 14:30tan,  herri zapalduetako mugimendu kulturalek bizi duten egoerari buruz gogoetatzeko aukera izan da. Poeta kurdo errefuxiatu batek, palestinar musikari batek eta musikherriako diskoetxea herrikoiaren ordezkari batek, besteak beste, haien lekukotasuna eman dutelarik.

Hirugarren eztabaidan, 16:30tan, azken hamarkadetan Euskal Herrian ezagutu dugun garapen kulturalari eskeinia da. Euskal kultura eta hizkuntzaren harremanak, Euskal Herriko graf mugimenduaren garapena eta euskal zinemaren garapena dira aipatuko besteak beste. ( xeherasun gehiago hemen ).

Iparraldeko konpilazioa
Erran gabe doa larunbat hunetan ere kontzertu ugari izanen direla. Bertako taldeek leku berezi bat badute programazioan. Hala nola, tokiko eszena sustengatzen durn Iparraldeko konpilazioaren aurtengo 8 taldeek joko dute eguerdi eta seiak artean Antxarteta eszenan. Brain Shake, Cel 3, Plankton, South Side, The Flyng Sex Toys, Blastwave, Mak Fly dira taldeak.

Horrez gain EHrZ ( Euskal HerriRa Zuzenean ) musika leihaketa irabazi duen The Rodeo Idiot Engine taldeak kontzertu bat emanen du 22:00etan Urbeltzeta eszenatokian.

Bestalde, Horra zein den beste guneetako programazioa:

  • Bibelherri: Ken Zazpi ( 19:15 ), Jim Jones Revue ( 21:00 ), Shaka Ponk ( 22:45 ), Chinese Man ( 00:45 ), Goose ( 02:45 )
  • Urbeltzeta: Xutik ( 18:30 ), Split77 ( 20:15 ), Atom Rhumba ( 23:45 ), Drunken Balordi ( 01:45 )
  • Itsasoa: Maria Dolores y los crucificadores ( 13:00 ), L'élégence eta la beauté ( 16:30 ), Erregea eta bufoia ( 18:00 )
EHZren webgunea: www.ehz-festibala.com


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi