Burasoen nahikeria eta Herriko Etxearen sostenguari esker, Baigura ikastola sortu da Lekornen
70. hamardakaz geroztik ez zitzaion Seaskari gertatu urte berean bi ikastola berri zabaldu izana. Aurtengo sartzeak, ordea, Lekorneko Baigura ikastola eta Itsasuko Arrokagarai ikastolen idekitzea ekarri du. Burasoen nahikeria eta herriko hautetsien sostenguari esker, Seaskaren 28. eta 29. ikastolak, hurrenez hurren, ateak zabaldu dituzte. Lekorneko Baigura ikastolan ikasturteari begira dituen erronkak marraztu ditu Seaskak.
Oskorri taldeak urruñarrak dantza egitera gomitatzen ditu
Larunbat huntan abiatuko dira Urruñako bestak. Horren karietara, Oskorri taldearen kantaldia iraganen da, arratseko 22.0etarik goiti, frontoian. Kontzertu horretan, Bizkaiko taldearen kanta ezagunenak entzuteko parada izanen da. Hortaz gain, «Erreboluzio Frantsesean galdutako dantza zahar birsortzeko lana burutu du taldeak. Hots, Natxo de Feliperen taldeak helburu zehatza badu asteburu huntan: Urruñako jendea dantzarazi nahi du.
Abertzaleen Batasunak gobernuaren jokabide xenofoboaren kontrako elkarteratzera deitu du
Rom eta bidai jendearen estigmatizazioarekin hasi zen Sarkozyren gobernuaren jokabide xenofoboak mobilizazio egun baten antolakuntza sortu du. Baionan elkartaratzea eginen da larunbatean goizeko hamaiketan herriko etxearen aintzinean. 50 elkarte, partidu eta sindikatuk egin dute mobilizaziorako lehen deialdia eta Abertzaleen Batasunak bat egin du konbokatoriarekin.
Irulegiko arnoa hobeki ezagutzeko eta gogoarekin dastatzeko besta heldu den asteburuan
Izpura eta Irulegiko herriek Irulegiko mahastien besta hartuko dute irailaren 11 eta 12an. Baxe Nafarroako arno ezagunaren sekretuak deskubritzeko eta besta giroan mahastiak bisitatzeko parada eskeinia da heldu den asteburuan. Herria Bizi elkarteak, Garazi-Baigorriko turismo bulegoak eta jatorri-izendapenaren barnean diren arno ekoizleen artean antolaturiko bestak gastronomia dantza eta kirolarekin elkartuko ditu.
Erretreta erreformaren aurkako mobilizazio eguna deitu dute irailaren 7an
Jubilazio erreforma hilaren bukaeran frantses legebiltzarrean bozkatzekotan direla-eta, sindikatuek mobilizazio egun «indartsu» batera deitu dute ondoko irailaren 7an Baionan. «Erreforma horrek egungo oreka ekonomiko eta soziala arriskuan jartzen du. Aurkako mobilizazioa jendetsua izan behar du», goraipatu dute sindikatuek. UNSA, CFDT, CGT, FO, FSU, Solidaires eta CFTC sindikatuak bateraturik izango dira Baionako karriketan ondoko asteartean, eta, joan den ekainaren 24an bilduriko 12 000 lagunen kopurua errepikatzea nahi zutela esan zuten. LAB sindikatuak ere greba deialdiarekin bat egin du.
Hezkuntza Ikuskaritzaren arabera egonkortasuna da nagusi aurtengo sartzean
Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikastetxe gehienetan ikasturte hasiera izan da gaurkoa. Baionako Areetako eskolan antolaturiko sartze ekitaldian, Hezkuntza Nazionaleko Ikuskaritzako ordezkaria izan da. Aurtengoa azken urteotako sartzerik lasaienetarikoa izan dela azpimarratu du bertan. Izan ere, Barkoxeko eskola okupatu dute burasoek, aldi berean Izpurako eskolan kexu dira baitaere. Hortaz gain, erakasleen formazio berriaren inguruko protesta ekimenak antolatu dituzte. Hiriburuko Aturri kolegioan segurtasuna ziurtatzeko langileen eskasia salatu dute. Urruñan eta Hendaian ikastolak handitzearen beharrean dira.
Ibai Azkona gazte nafarra Mureteko espetxean dago
Atzo Hendaian atzeman zuten Ibai Azkona gazte nafarra Mureteko espetxean sartu dutela jakitera eman du gaur Askatasunak. Paueko auzitegiak heldu den astertean azterku beharko luke 27 urteko iruindarraren kontra espainiar Auzitegi Nazionalak aurkezturiko euroagindua. Hendaian elgaretaratzea egin dute atzo arratsaldean atxiloketa berri hau salatzeko.
Irakasleen formazio aldaketak sortzen dituen kezkak nagusi ikasturtearen hasieran
Ikasleek kartableak hartu eta berriz ere eskolako lagunak atzemanen dituzte gaur sartze eguna baita Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko eskola gehienetan. Urtero bezala ikasturte hasieran irakasle postuen eskasia edo eskoletako gabeziek protestak sortu dituzte. Hartara, Barkoxeko eskola okupatu dute burasoek, aldi berean Izpura eskolan kexu dira baitaere. Handik kolektiboak, bestalde, elbarritasunaren bat duten 34 haur beharrezko zaien sostengu pertsonarik gabe abiatu dutela kurtsoa salatu du sartzearen besperan. Hortaz gain, erakasleen formazio berriaren inguruko kezkak eta ezadostasunak dira nagusi aurten. Hiriburuko Aturri kolegio berrian protesta ekimenak antolatuak dira.
Urruñako Amodia Immobilier higiezin-bulegoaren aurkako erasoa
Poliziak baieztatu duenez, iragan astean eraso bat izan zen Urrunako Amodia Immobilier higiezin-bulegoaren kontra. Orain arte erasoaren berri ez dute publikoa egin ez bulegoaren jabeek ez da poliziak ere. Izan ere, kazeta honen galderei erantzunez, erasoaren ondorioz agentziaren atea eta berina kaltetuak izan zirela aitortu du Baionako Polizi Judizialak. Bulegoaren jarduradunek plenta bat ezarri dutela baieztatu du ere.
Ipar Euskal Herrian gerta daitekeen polizia operazioaz oharrarazi du ezker abertzaleak
Ezker abertzaleko iturriak aipatuz, polizi frantsesak operazio zabal bat prestatzen ari dela Ipar Euskal Herrian jakitera eman du bere arratseko albistegian Info7 irratiak. Aipatu operazioak ondoko egun edo asteetan gertatu daitekeela eta ezker abertzaleak burutu ditzakeen ekimenak baldintzatzea lukeela helburu gaineratu dute aipatu iturriek. Ezker abertzalearen oharra Batasunak egin duen agerraldiaren oren batzutara heldu da. Prentsaitzinean, abertzaleen arteko lana garatzeko parioa egin du Batasunak, heldu den hiru urteotan izanen den hauteskunde zikloari begira EH Bai formula sendotzea propotasuz.


- 