Eskualdeko Hauteskundeak: 2004ean ezkerra gailendu zen Ipar Euskal Herrian
2004ko Eskualdeko Hauteskundeetan Ipar Euskal Herriko hautesleek sozialisten alde bozkatu zuten gehienik, Akitania eskualdean gertatu zen bezala. Gisa horretan, Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoako hautesleen %33,62k bere sostengua eman zion sozialistek eta ferdeek osatzen zuten koalizioari. Orduango UDF alderdia UMP-ren aitzinetik pasa zen, bozen %21,96a eskuratuz eta bere eskuineko lagunek %21,26 boz jaso zituzten euskal lurraldeetan. Zerrandetan aldaketa anitz badira bozka hauetan. Abertzaleen eremuan, EAJ lehenaldikoz presente da bozka honetan. Euskal Herria Bai koalizioak protesta bozka aldarrikatu du.
Goizeder TABERNA / "Le Journal du Pays Basque"
2004ko Eskualdeko Bozketan laugarren indarra Fronte Nazionala izan zen, bozen % 7,64 rekin. Atzetik jarraiki, Chasse Peche et Tradition alderdiak - gaurko bozketan UMP-ekin batera aurkezten da- bozen %7,23a ukan zuen. LCR-ek %4,63a eta Alderdi Komunistak %3,66a lortu zituzten.
2004ko Hauteskundeetan 8 zerrenda aurkeztu ziren, aurten aldiz, hamaika dira. Alde batetik, ferdeak ez dira gehiago sozialistekin aurkezten. Erregionalistekin eta elkarteekin batera Europe Ecologie markapean aurkezten dira. Ipar Euskal Herrian Eusko Alkartasnaren sostengua ukan dute, baita okzitandar mugimenduarena ere.
Europe Ecologie ez da zerrenda ferde bakarra. Pirinio Atlantikoetan Jacques Mauhourat gidatzen duen Alliance Ecologiste Independante Aquitaine hor da.
Bestalde, bi indar abertzale aurkeztu dira, 2004ean ez zutenean egin. Iazko europar hauteskundeetan lorturiko emaitzak errepikatzeko gogoz, "Euskadi Europan" zerrenda osatu dute jeltzaleek. (Entzun hemen Maitena Ugarte, zerrendako bigarrenari Info7 irratiak eginiko elgarrizketa ).
Bestalde, Abertzaleen Batasunak eta Batasunak Euskal Herria Bai plataforma berpiztu dute. Gainerako hautagaitzekin aldenduta, EHBaik bozka-paper berezien bidez, protesta boz-aren hautua egin du. ( Entzun hemen Xabi Larralde, EHBaiko bozeramaleari Info7 irratiak eginiko elgarrizketa ).
11 zerrenda orotara
Eskuinean, berriz, CPNT alderdiak UMP-rekin batzea erabaki du. Gauzak horreka UMPk eskuineko eta zentroaren zati bat bereganatu du. Alta, inkestek ez diote garaipen aukera handirik ematen Xavier Darcos buru duen hautagaitzari.
UMPk eskuineko bozka osoa bereganatzeko zailtasunak izanen ditu. Fronte Nazionalak bigarren itzulian izaiteko %10eko langa gainditzea du helburu. Behetik gelditua ere, ultraeskuindarrek sostengu anitz lapurtuko diote lehen itzulian Darcosi.
PSetik ezkerrean ez da giroa. Sortu berri den NPA alderdia lehen aldiz neurtuko da Eskualdeko Hauteskunde batzuetan. Izan ere, Front de Gauchek eta LCRk hauteslengo beretik lehiatuko dira.
(À lire aussi: La carte d'Aquitaine )




