2010eko Akitaniako bozetara abertzaleek elkarrekin aurkezteko parioa egin du Batasunak

Argitaratua: 2009-07-01 12:09:37

Europar Parlamenturako hauteskundeetako emaitzen azterketa egin ostean, Xabi Larralde eta Jean-Claude Agerre Batasuneko ordezkariak, hurrengo urtean Akitaniako Kontseilurako izango diren bozetan indar abertzaleak elkarriken aurkeztearen alde agertu dira, astearte goizean, Baionan.

Bi mahakideen ustetan, aipatu hauteskundeak «agerian utzi dute proiektu abertzale eta aurrerakoiak gizartean gero eta atxikimendu gehiago duela». Hego Euskal Herrian, Estatu espainolak II-EPri «oztopo izugarriak» jarri badizkio ere eta boz-kontaketan «iruzur nabariak» izan badira ere, indar abertzalearentzat begi bistakoa da erdietsitako emaitzak «biziki azkarrak» izan direla.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionean, berriz, EHAk eta baita PNBk lortutako boz-kopuruak eta, nahiz eta «abertzaleen pisua» zehaztu ezin den Europe Ecologierenak ere, «azken urteotako joera frogatzen dute», hots, proiektu abertzale eta aurrerakoiaren finkatzea «estrukturala» dela baieztatzen dute.

Batasuneko bozeramaileentzat, jasotako bozak «zenbait gizarte-borroketan egindako lanaren fruitua» dira eta «bestelako eredu baten beharra agerian uzten dute».

«Geldotasuna, errepresioa»
Alta, Madrilek eta Parisek «geldotasunarekin eta errepresioarekin» erantzuten segitzen dute. Euskal Herrian azken garaiotan gertatuko hainbat jazoera nabarmendu zituzten, horien artean, duela ia urtebete Batasunaren kontrako polizi-operazio bera edota, berrikiago, «gerra zikinaren garai ilunak berpizturik, kezka izugarria eragin duen» Jon Anza militantearen desagerpena edota aste honetan bertan Ipar Euskal Herrian eta Estatuan izandako atxiloketa andana.

Bi estatuek egindako aukeraren aurrean, «esparru guztietan proiektu abertzalea sendotzen eta sakontzen jarraitzea ez da beste biderik» Larralde eta Agerreren esanetan. Esparru horietako bat hauteskundeena izaki, eta datorren urtean Akitaniako eskualdeko kontseilariak hautatzeko bozak izango direnez, «abertzaletasuna aitzinatzeko baldintza behinena indar abertzaleak elkarrekin aurkeztea» dela deritzote bi mahaikideak.

Elkarrekin joan izan direlarik emaitzak «hobeak» izan direla nabarmendu zuten, «eta ez soilik boz-kopuruaren aldetik, gainerako indar politikoen begirunea eskuratzeko eta gizartean duten tokia islatzeko ere» baliagarriak izan dira. Gainera, abertzaleek etengabe batasunaren eskaera aintzat hartuko litzateke elkarrekin aurkeztuko balira.

«Batzen gaituena bereizten gaituena baino askoz garrantzitsuago baita»
Horregatik guztiagatik, «alderdien arteko kalapitak, polemikak eta desberdintasunak» gaindituta, Euskal Herria Bai antzeko formula berrerabiltzeko deia egin zieten Batasuneko kideek gainerako alderdi abertzaleei, «batzen gaituena bereizten gaituena baino askoz garrantzitsuago baita».

Helburu horrekin, hitzorduak eskatu dizkiete beste alderdi abertzaleei erantzuna positiboa izango delaren itxaropenean. Izan ere, hauteskundeetara elkarrekin aurkeztea «abertzaletasunarentzat aukera handiagoa izateaz gain, Euskal Herriak dituen erronken aitzinean, indarrak batzea betebeharra ere badela» irizten diote biek ala biek.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi