2x2 proiektua bide bazterrean uztea erabaki du Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak

Argitaratua: 2009-07-17 23:58:58

Bob EDME argazkia.

"Uda osoan zehar gozatua izateko" erabaki politiko baten berri eman dio Frantxoa Maitiak KAZETA.INFOri. Baxe Nafarroa eta Nafarroa Garaia zeharkatu behar zuen 2x2 bide erraldoiaren proiektua ez da bururaino eramanen. 2007an, Jean Jacques Lasserre presidentea zelarik, proiektua «frigoan» sartzeko erabakia iragarri bazen ere, joan den hilabetean egin duen azken bileran hartu du Pirinio Atlantiketako Kontseilu Orokorreko batzorde iraunkorrak era ofizialean hautua. Espreski, biltzarraren amaieran, arratsaldean, kazetariak dagoeneko bertan ez zirelarik, batzorde iraunkorrak, aho batez, 2x2ren proiektua baztertzea bozkatu du.

Gaxuxa ARRANBIDE / Maite UBIRIA
Erabakia joan den ekainaren 26eko Pirinio Atlantiketako Kontseilu Orokorreko Bilkuran hartua izan bazen ere, ekainaren 29ko Bilkura Iraunkorran aho batez berretsia izan zen. Frantxoa Maitia kontseilariak KAZETA.INFOri azaldutakoaren arabera, espreski, Baxe Nafarroa zeharkatu behar zuen bide erraldoia sortzeko martxoaren 2003an Kontseilu Orokorrak eta Nafarroa Garaiako Gobernuak sinatu zuten komenioa anulatua izan da uda aitzin Paueko erakundeak hartu duen erabaki horren bidez.

"Resiliasion de la convention" deituriko txostena aho batez onartu du Castaing jauna buru duen Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak. Iruñeko gobernuari horren berri eman zaiola berretsi du Maitiak . Barthelemy Agerre kontselariak "Le Journal du Pays Basque" egunkariari azaldu dionez, Iruneko Gobernuak jadanik komenioa deuseztatzeko pausu bera emana du.

Herritarren kontrako jarrera era hautetsien oposizioa
2x2 bidearen proiektua behin betiko bertan behera uztearen erabakiaren atzean bi arrazoi nagusi agertzen ditu bere ebazpen historiko honetan Kontseilu Orokorrak: «hautetsiek eta herritarrek proiektuarekiko erakutsi duten oposizioa».

«Herrietan izan diren hainbat bilkuren gainetik eta nahiz eta bidearen proiektua 2x1etara tipitzea edota desbideratua izatea proposatzen zen, bidea egin behar zen guneetan hautetsi eta herritarrek azkarki beren oposizioa erakutsi dute eta mezu hau hedabide gehienetan bultzatua izan da» adierazten dute ekainaren 29ko bilkura ondoko txostenean haien erabakiaren arrazoina zehazterakoan.

Kasik 2 milio euro kostatu du egitasmo kari eginiko inkesta
Erran behar da ere, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Nafarroako gobernuaren artean 2003ko martxoan adostu zuten proiektua bideragarri zen ala ez aztertzeko abiatu zuten inkestaren emaitza -eta kosteak- bere pisua ukan duela erabakia hartzeko orduan.

«Bilkuran jakin dugu hainbeste eztabaida, liskar eta manifestazio eragin dituen inkestak 1 942 181,84 euro kostatu dituela» esplikatzen du Frantxoa Maitiak bere blogean idatzi duen artikulu batean.

«Historio orok bere amaiera badu eta hau bererat iritsi da» azaltzen du Izpurako auzapez ohiak. Kontseilariak bere harridura agertzen du ebazpenak ukan duen oihartzun apalagatik.

«Hainbeste ika-mika sortu duen proiektuaren hasiera eta bilakaera kondatzea untsa da, baina biziki garrantzia badu ere horren amaiera untsa markatzea: 2x2 dozierra aho batez hertsia dela deliberatua izan da, ez al da hori gozatzeko berria ? » amaitzen du Maitiak.

Zuhurtziaz bada ere, berria agurtu du Leia mungumenduak. Izan ere, Daniel Olçomendik bilera ixil batean erabakia hartu beharrean, biltzarrean iragarri behar zutela egitasmoa behinbetiko alboratzeko erabakia nabarmendu du.

Finean, bilkura publiko batean hartu zen badira sei urte 2x2 egitea aurreikusten zuen komenzioa eta, justuki, gisa bereko biltzarrean iragarria behar zela hitzarmen hori ezeztatzeko hautua uste du Olçomendik.

Bestalde, Batasunak prentsa-oharra zabaldu du, egitasmoa gelditzeko erabakia dela-eta bere poza agertuz. Bir maneran, AHT bezalako beste egitasmoak gelditzeko «fermuki mobilizatzeko« deia luzatu du Batasunak.

(Irakur ere: Hamar urteko liskarraren kronologia laburra )

(A lire également: 2x2: Historique du projet et de la lutte )

(Irakurri: Leia herri mugimenduaren ibilbidea )

(Irakur ere: Hamaika urtetako borrokak 2x2 errepide proiektua bertan behera uztea lortu du )
( A lire également: Un projet bien enterré )

(Erran dute : Daniel Olzomendi: «2x2 errepide proiektua politikoki inposatu nahi dute» )

( Erran dute: Leiak dio "herriaren garaipen handia" dela mugaz gaindiko bide berriaren proiektua bertan behera utzi izana )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi