Eskola giristinoek ikasleen kopuruaren beititzearekin hasi dute ikasturtea

Argitaratua: 2010-09-07 10:36:47

2010-2011 ikasturtearen sartzea ikasleen kopuruaren txikitzearekin iragan da irakaskuntza katolikoan. Bataz beste eskola giristino bakoitzean ikasle bat gutxiago izanen da aurten. Irakasleen kopuruak ere pixkat egin du behera. Bestalde, irakasle lanpostu bat gutxiago izanen da lehen mailan eta bost eta hiru laurden gutxiago bigarren mailan. Eskola pribatuen lehentasunetako bat «hezkuntza elebiduna ianeko dagoen tokietan ziurtatzea da» nabarmendu du departamentuko irakaskuntza katolikoko eliznarrutiko zuzendaria den Jean-Marc Aphaulek. Aurten eskola giristino elebidun bat ireki dute, Izturitzen hain zuzen ere.

Sindikatek erretreten erreformaren aurkako manifestaldi jendetsu bat espero dute gaur Baionan

Argitaratua: 2010-09-06 18:07:45

Langile sindikatek Frantziako erretreten erreformaren aurkako manifestaldi eta greba bat antolatzen dute irailak 7an asteartearekin. Iparraldean manifestaldia Baionan gertatuko da jakinez hitz ordua, gaur, 10.30etan finkaturik dela Sainte Ursule plazan. Erran gabe doa sindikatuek jende askoren mobilizazioa espero dutela. Joan den Baionako ekainaren 24ko manifestaldian 10 000 bat lagun bildu ziren.

Jon Anza kolektiboak auzia argitu arte lanean segitzen duela berretsi du Funosasek polizi etxean

Argitaratua: 2010-09-06 17:58:02

Anaiz Funosas Askatasuneko ordezkaria arratseko ordubietan Baionako polizi etxean sartu da. Hiruak eta erdiak baino lehen komisaldegitik atera da Jon Anzari Ziburun eginiko omenaldiari buruz galdezketa burutu ondoren. Ekitaldi horretan hiru ETA kidek egin zuten "aurreikusia ez zen hitzartzea"ri buruz galdetu diote baina Funosasek Poliziari azaldu dionez "hori ez dela benetako arazoa, arazoa da 19 hilabete igaro ondoren Anzaren desagerpen eta heriotzari buruz erantzunak ez ditugula".

Gaztetxearen aldeko aldarrikapena Urruñako Bixintxo bestetan

Argitaratua: 2010-09-06 13:07:58

Urruñako herritarrak Bixintxo bestetan ospatzen ari dira. Bestak larunbatean hasi ziren ohiko herri lasterketarekin. 200 gora partaide izan ziren jende anitzen begiradapean burutu zen kirol ekimenean, horien artean gaztetxearen aldeko aldarrikapena zabaldu nahi izan zuen gazte talde bat. Bestak abiatu aitzin ez ohiko gertakari larria izan da Urruñan: herriko gazte batzuk oren batzuk eman dituzte polizi etxean, joan den ostegunean, auzapezaren gazteluaren eremuan protesta baino broma itxura zuen ekimen bat burutu ostean.

Anaiz Funosas Askatasuneko bozeramailea Anzaren aldeko omenaldia kari azalpenak emateko deitua, gaur, Baionako komisaldegian

Argitaratua: 2010-09-06 12:37:53

Kazeta.infok aurreratu duenez, Frantziako Poliziak pertsona bat deitu du joan den uztailean Ziburun Anzaren aldeko omenaldiari buruz azalpenak emateko. Anaiz Funosas Askatasuneko bozeramailea astelehen huntan 14.00etan Baionako polizia etxera joateko deia jaso du. Askatasunak jakitera eman duenez, Funosas hitzordura joanen da ordezkaritza zabal batek lagundurik.

Egoera larrian diren laborariak laguntzeko bolondresak uzta biltzera deitzen ditu SOS Indartuk

Argitaratua: 2010-09-06 12:06:20

Zailtasunean diren Laborarien Laguntzarako Elkartea den SOS Indartuk irailaren 11an Ezpeletako biperra bolondres gisa biltzera joateko deia luzatu du. Ezpeletako biperraren jatorri izendapenaren sindikatuarekin elkarlanean heldu den asteburuan bilduko den piper kilo bakoitzeko 0,35 euro laborariak laguntzeko izanen da.

Ehunka lagun elkartu dira Lapurdiko hiriburuan antolaturiko xenofobiaren aurkako ekimenean

Argitaratua: 2010-09-05 15:58:06

Larunbatean mobilizazioak egin dira Estatu frantziarreko hiri nagusietan Sarkozyk errumariar jatorrizko ijitoak kanporatzeko erabakiaren kontra protesta egiteko. 50 bat elkartek deitu duten mobilizazio horietan ez dira apenas ijitoak azaldu, heldu den irailaren 15ean ekimen propioa burutuko dutelako Parisen. Ehunka lagun elkarretaratu dira Baionan kolektibo horren pairatzen duen mespresua salatzeko.

CRAC kolektiboak zezenketek Baionako Herriko Etxearen eskutik jasotzen dituzten diru laguntzak salatu ditu

Argitaratua: 2010-09-05 15:47:34

Katalunian zezenketen kontra eman den pausoa nabarmenduz, Baionako CRAC kolektiboak (Comité Radicalement Anti Corrida) borroka horren aldeko dinamika garatu nahi du Ipar Euskal Herrian. Elkarteak zezenketen kontra argitara eman duen agiria hiru lurraldeetako 200 pertsona ezagunek sinatu dute jada. Asteburuan Baionan iragan den den Atlantikoko feria dela-eta, zezenketei buruzko eta jasotzen dituzten diru laguntzei buruzko informazioa azalduz 10.000 esku-orri banatu ditu elkarteak.

Berriak munduko hedabide nagusietan zabalpen handia hartu du

Argitaratua: 2010-09-05 15:11:54

Igande eguerdia ez da «prime time»rako ordu aproposa. Internet garaian ere, besta egunak bere eragina izanen du kazetaritzan. Baina BBC, ai BBC!, itzal handiko bozgorailua da, eta minutu batzuk soilik behar izan zituen «britainiar erraldoiak» ETAk egindako adierazpenaren oihartzuna mundu zabalerat eramateko. 20 bat minuta baino gutxiago eman zituen AFPk, beste hainbeste denbora Reuters-ek... Berri agentziak berehala ohartu ziren berriaren garrantziaz. Ildo beretik, CNN telebista, "Le Monde", "The New York Times" (Estatu Batuetan goizeko 6.41etan zirela jaso zuen urgentziazko berria !), Al Jazeera kate arabiara, "La libre Belgique", Portugaleko "Expresso", Alemaniako "Stern", Britain Handiako "The Guardian"... bata bestearen atzetik mundu osoko hedabideek bere igandeko agenda aldatu zuten.

Alderdi abertzaleen balorapen baikorrak eta Barne Ministaritzak bideraturiko hausnarketak

Argitaratua: 2010-09-05 15:00:59

Euskadi ta Askatasunak BBC britainiar hedabidearen bidez zabaldu adierazpenak Euskal Herrian izan ezik espainiar estatuan hautsak harrotu ditu. Espainiako Barne ministroa den Rubalcaba Lopez lehendakariarekin harremanetan sartu da berehala. Ondoren iragarri du soilik Barne Sailak Rodolfo Aresen agerraldia. Anartean, ETAren adierazpena urrats bat dela eta zuhurtziaz jokatzeko gomendioa zabaldu du Madrilek, "El Pais" egunkariaren bidez. Orduak aurrera joan ahala deklarazioren «gabeziak» azpimaratu dituzte espainiar hedabide eta alderdi gehienek. Ezker abertzaleak eta EAk, agerraldia bana iragarri dituzte, arratsalderako Donostian, agiriaren karietara lehen balorapen baikora eginez. ( Hemen ezker abertzaleak egin dun agerraldiaren bideoa ). EAJk, ordea, astelehenean, bere zuzendaritza bildu eta gero emanen du bere iritzia.