ABek greba eginen duten esnegileak sostengatzen ditu

Argitaratua: 2009-09-10 12:18:00

Abertzaleen Batasunak bere elkartasun osoa agertu nahi izan dio igorri agiri baten bidez, Europa mailan abiatuko den eta euskal ekoizleengandik biziki segitua izanen den esnegileen grebari. Greba azken epeko aterabidea izanik, esne ekoizleen grebak egoeraren larritasuna erakusten duela uste du ABk.

Gehiegi ekoizteak esnearen prezioa apaldu duela eta beherekada honek etxalde anitz gastuen pagatzeko ahalik gabe uzten dituela azaltzen du ABk bere agirian. Horren ondorioz, etxalde anitz amildegira erortzeko punduan direla gogora ekartzen du.

Egoera honen aitzinean, laborarien greba deliberoa ulertzen eta sustengatzen duela adierazi du ABk. «Greba beti azken epeko aterabide bat da. Laborariak, entzunak izaiteko, esnearen botatzera behartuak dira. Gaur egun, laborantza munduak bizi duen kinka larriaren zabaltasuna erakusten greba horrek» adierazi du.

Produkzioaren oreka proposatuz
Europar Batzordeak laborantzako merkatua liberalizatu nahi du eta, logika honen bidetik, 2015erako koten kentzea proposatu du. «Ikuspegi ekonomiko hutsaren bidean, politika horrek laborantza sektorearen industrialisazioa eta kontzentrazioa fagoratzen ditu, azken urte hauetan eredu horrek ukan dituen lerratze eta ondorio kaltegarriak kondutan hartu gabe» azaltzen du ABk.

«Beraz, krisitik ateratzeko eta gure baserrietan ahal bezain bat etxalde bizirik atxikitzeko», ABk kuoten politikaren atxikitzea eta Europa mailako ekoizpenaren menperakuntza zaintzea galdegiten du.

Zentzu horretan, eskaintzaren eta galdearen arteko oreka segurtatzeko, europar ekoizpena % 5 eta 7 artean apaltzea pentsatu behar dela uste du ABk. Eta «zuzentasunaren izenean, apaltze orokor hori etxalde handienek bereziki bere gain hartu behar dutela» gaineratzen du.

Etxalde ttipiak zutik eta baserriak bizirik atxikitzeko baldintza da hori ABren ustez, eta bide berean, jendeak eta ingurumenak hobeki errespetatuko dituen beste laborantza eredu baten sustatzeko baldintza izan daitekela pentsatzen du.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi