Alderdi abertzaleen balorapen baikorrak eta Barne Ministaritzak bideraturiko hausnarketak

Argitaratua: 2010-09-05 15:00:59

Euskadi ta Askatasunak BBC britainiar hedabidearen bidez zabaldu adierazpenak Euskal Herrian izan ezik espainiar estatuan hautsak harrotu ditu. Espainiako Barne ministroa den Rubalcaba Lopez lehendakariarekin harremanetan sartu da berehala. Ondoren iragarri du soilik Barne Sailak Rodolfo Aresen agerraldia. Anartean, ETAren adierazpena urrats bat dela eta zuhurtziaz jokatzeko gomendioa zabaldu du Madrilek, "El Pais" egunkariaren bidez. Orduak aurrera joan ahala deklarazioren «gabeziak» azpimaratu dituzte espainiar hedabide eta alderdi gehienek. Ezker abertzaleak eta EAk, agerraldia bana iragarri dituzte, arratsalderako Donostian, agiriaren karietara lehen balorapen baikora eginez. ( Hemen ezker abertzaleak egin dun agerraldiaren bideoa ). EAJk, ordea, astelehenean, bere zuzendaritza bildu eta gero emanen du bere iritzia.

Alfredo Pérez Rubalcabak EAEko gobernuarekin eta legebiltzar talde ezberdinekin harremanetan sartu da berehala ETAk egindako adierazpenari buruz bere irakurketa emateko. Bereziki Lopez gobernuarekin mintzatu da Rubalcaba, eta hartu-harreman horiek eta gero soilik iragarri du Jaurlaritzak Rodoldo Aresesen agerraldia (arratseko 18.00etan).

Gasteizko Gobernuaren erantzun ofizialari itxaron gabe, «su-eten tranpaz» mintzatu da, Bilbotik, Basagoitik, Lopez gobernuaren jokabidea baldintzatu nahian.

Ildo beretik, baina Madriletik, Llamazaresek (Izquierda Unida) ETAren iragarpena motz geratzen dela gaineratu du, erakunde horrek armak utzi behar dituela gaineratuz. Agiriaren garrantzia ezkutatzea zaila zen neurrian, bere "gabeziak" eta "zehaztapen falta" nabarmendu dituzte hainbat alderdik eta hedabideek.

Barne ministaritzak hausnartzen du mezua
Izan ere, nabarmentzekoa da Espainiako Barne Ministaritzak zuhurtziaz jokatzeko deia zabaldu duela lehen mementoan, denbora berean ETAren adierazpena aztertzeko denbora eskatuz. Hots, Radio Euskadiren esanetan, "alderdi demokratikoek aspalditik espero zuten" ETAren iragarpenaren aitzinean, espainiar Gobernuak ekimena deuseztatzeko bidea ez du hartu, ez bederen hastapenean.

"Berri sinesgarriak" zabaltzeko engaiamendu deontologiko ezaguna duen BBC kateak adierazpenak zabaldu izana, seguraski, Zapateroren gobernuaren lehendabiziko erantzun lasai horretan bere eragina izan du. Orduak aitzina joan ahala, ordea, lehenik Ares sailburuak eta gero gobernuaren beste iturri batzuek "agiria ez dela nahiko" nabarmendu dute.

Ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak, agerraldia bana iragarri dituzte, bakoitzak bere aldetik, igande arratsalderako Donostian, lehen hausnarketa bat zabaltzeko. EArentzat esanguratsua da ETAk egin duen adierazpena, eta ezker abertzaleak urratsaren garrantzia azpimarratu du. EAJk, bestalde, euskal gizarteak espero duen agiria ez dela erran du soilik. Astelehenean, bere zuzendaritza bildu eta gero, iritzia sakonagoa emanen duela azaldu du alderdi jeltzaleak. Agiriaren gabeziak azpimarratzeko edo bere balorea nabarmentzeko, bistan da BBCk zabaldu duen ETAren agiriak eragile politiko gehienen interesa piztu duela.

( Irakurri ere: Urtebetetik gora atentaturik gabe )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi