Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borrokaldia abiatu du
44. 000 lagun atera dira joan den larunbatean Bilboko karriketara euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Jon HERNAEZ argazkia.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) gaur abiatu eta urte osoan zehar luzatuko den borrokaldi berria iragarri du. Agiri baten bidez azaldu duenez, «espetxe politika ankerrari aurre egiteko garatuko dugu dinamika berria. Euskal Herriaren kontrako zapalkuntza orokorra indargabetu dezatela aldarrikatzera gatoz, errepresioaren antzutasuna azpimarratzera, espetxe politikaren antzutasuna, biziarteko zigorraren antzutasuna».
Amnistia helburu, sakabanaketa politika amaitu eta euskal preso politikoen eskubide urraketa sistematikoa bertan behera gera dadila borrokaldi berria abiatu du gaur Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.
Hauxek dira EPPKk urte osoan zehar garatuko duen protestaldiaren helburu zehatzak:
- Bere unean ezarritako zigorrak gaindituta dituzten kideen berehalako kaleratzea.
- Kondizionalaren epeetan diratekeen kideen berehalako kaleratzea.
- Gaixo larri diren kideen berehealako kaleratzea.
- Bakarrik aurkitzen diren kideak berehala beste kideekin elkartzea.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aipatu idatzian azaldu duenez, dispertsioaren amaiera galdegitearekin batera, «egoera politiko orokorra irauli behar duen prozesu demokratiko indartsua abiatzearen beharra ere erakutsi nahi dugu. Euskal eragile politiko eta sozial nagusiei norabide horretan indar egin dezatela deia zabaltzen diegu, guk geronen ekarria jarriz».
Nola gauzatuko da protesta ?
Gaur abiatu duen protestaldiari buruz hainbat xehetasun eman ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Aste honetan zehar informazio kanpainia burutuko du kolektiboak borrokaldiaren helburu orokorrak zoin aldarrikapen zehatzak jakitera emateko.
Bestalde heldu den astetik landa beste borroka mota baliatuko dituzte. Besteak beste itxialdiak eta gose-grebak egitea aurreikusten du kolektiboak.
Heldu den martxotik aitzina expetxez espetxe txandakako protestak gauzatuko dituzte.
(Ikus: Presoen eskubideen aldeko Bilbon ospatutako manifestazioaren bideoa )




