Iduriz emaztea labankadaz hil eta gero bere buruaz beste egin du 80 urteko gizon batek Baionan
Etcheverry bikotea Baionako Marracq auzoan bizi zen. Gizonak 80 urte zituen eta emazteak 77. Kanboko egoitza batean egonaldi bat egin ondoren, bere etxera itzuli berriak ziren. Joan den igandean, gizonak labankadaz emaztea hil ondoren bere buruaz beste egin du eskopeta baliaturik. Izan ere, Baionako komisaldegian berretsi digutenez, gaur arratsaldean eginen duten autopsiak zehaztu beharko ditu ofizialki heriotza bikoitzaren arrazoinak. Izan ere, «zeharka bada ere, suizidatzeko asmoak agertzen duen eskutitza» atxeman dutela apartamenduan baieztatu du Poliziak.
Bikoteak bada 10 bat urte erosi zuen Marracq auzoan kokatzen den Les Pastorelles egoitzan apartamendu tipi bat. Badira egun batzuk soilik egonaldia tipia Kanboko osasun egoitza batean egin eta gero berriz etxera sartua zen Etcheverry bikotea.
Baionako bizilagunen artean ez ezik lanbide arrazoiengatik Baxe Nafarroan ere ezaguna zen bikotea, eta bereziki Nicolas Etcheverry. Urtetan Lartzabalen postaria bezala jardun zuela jakin berri du KAZETA.INFOk. Badira urte batzuk samin handia izan zuten familian, seme gazte bat hil zitzaienean. Aro honetan izanen da, espresuki, Etcheverrytarren semearen heriotzaren urteurrena.
Senar-emazte "atseginak zirela" azaldu dute "Sud-Ouest" kazetan Marracq-eko bizilagunek. Harriduraz hartu dute gertatutakoa. Joan den igandean 19.00ak aldera tiro baten arrabotsa entzun zutenean bizilagunek beraiek suhiltzaileak deitu zituzten.
Suhiltzaileek bi gorpuak atxeman zituzten. Emazteak labankadaz hilik eta gizona tiro batez zendua. Poliziak gaur berretsi dugunez, «emazteak labankada bakarra zuen gorputzan baita kolpe handia buruan ere, eta gizonak tiro bat buruan».
Hipotesi azkarrena hauxe da: gizonak emaztea labankadaz hil ondoren tiro batez bere buruaz beste egin zuen. Alta, arratsalde honetan eginen duten autopsiak zehaztuko du hobeki zer gertatu zen. Izan ere, Poliziak erran daukunez «baztertuta dago hirugarren pertsona baten erasoa, etxeko atea itxita baitzen».
Ikertzaileek gutun bat aurkitu dutela apartamenduan baieztatu du Poliziak. Iduriz «zeharka bada ere suizidatzeko asmoak» azaltzen dira ustez «gizonak idatzi zuen» idatzi horretan.




