Bruselak gasbide berria eraiki nahi du Larrañen
Azpiegiturei buruzko eztabaidak eskualde hauteskunde kanpainia baldintzatu du. Heldu den igandean, 9 herrietako biztanleek trenbide berriari buruz nere iritzia emateko parada ukanen dute. Izan ere, lurralde honetan gauzatu nahi duten azkeneko azpiegitura handia al da tren azkarra ? Europatik heldutako berriek diotenez, Roussillon-etik eraman behar zuten gasbidea, azkenik, Larrañetik eramaten dute. 1993az geroztik, Ipar Europatik Hegoaldera gaza eramateko gasbidea martxan da Xiberoko herrian. Alta, hegoaldetik iparraldeko horniketa bermatzeko azpiegitura berria eraiki nahi dute oraingoan.
Europako batzordeko Energia komisarioak, Günther Oettingerrek, energia arloko egitasmoak aurkeztu berri ditu. Preseski gaz arloan 31 egitasmo garatu nahi du Bruselak eta argindar arloan beste 11. Europako Batzordeak 1,39 miliardo 31 gasodukto horiek egiteko.
La-clau.net agerkari digitalak arreta berezia egin dio Ipar Katalunia hunkitzen duten proiektuei. Alde batetik, argindarraren europar sareari loturiko frantziar eta espainiar arteko lorurak finantzamendua jaso duela jakitera eman du kazeta katalanak.
Bruselak 225 milio emanen ditu Frantziako Réseau de Transport Electrique (RTE) eta Espainiako Red Eléctrica de España (REE) enpresen artean garatuko duten lotura egiteko. Bestetik, Bruselak Ipar Kataluniatik eraman nahi duen gasbidearen egitasmoan aldaketak izan direla plazaratu du La Clau hedabideak.
Bruselako Batzordeak Pirinioetatik gaindi igaroko den beste gasodukto bat egiteko asmoa berretsi du. 45 milioko buxeta duen proiektua martxan ezarri nahi dute 2015rako.
GRT-Gaz ( GDF Suez konpainiako filiera ) eta Espainiako Enagás partekatuko dute kontratua. Izan ere, Herri Katalandarretatik (Roussillon eta Empordá) igaro behar zen gasbidea, azkenik, Larrañetik eramatea erabaki du Bruselak.
Xiberoko Herri Ekargoan zoin Larraingo herrian, zer esanik ez, Bruselak agertu duen asmoaren karietara neholako berririk ez dute. Larraineko auzapezak, Sébastien Uthurriaguek «deus ez duela entzun» egitasmo berri horri buruz aitortzen du.
«1993az geroztik Larrañen existitzen den gasbideak Iparretik hegoaldera gaza eramateko pentsatua da» azaldu dio "Le Journal du Pays Basque" kazetari Sébastien Demez, TIGF ( Total Infrastructures Gaz France ) enpresako ordezkariak. «2013tik goiti gaza Espainiatik Frantziara eraman nahi dugu, eta horren xede janeko martxan den gasbidean lanak egin behar ditugu».
Jean-Do Iriartek mesfidantzaz hartzen ditu Demez-en azalpenak. Legen gasobidea gelditzeko asmoa Xiberoan sortu zen Gazpars-eko kidea izan zen Iriart eta orduan bezala «hedabideen bidez» jakin dutela Larrañeko gasbide handitzeko edo azpiegitura berria egiteko egitasmoaz nabarmentzen du.
«Gaza bi aldetara eramateko gaurko gasbidea biderkatu behar dute. Zer esanik ez, ezer ez dakigu proiektu horri buruz. Gauzak jendearekin kontatu gabe deliberatzen dituzte. Boterea dutenek bideak bilatzen dituzte bere proiektuak ahal den eta kostu eta erresistentzia gutxienekin pasarazteko», adierazten du. 1993. urtean eramandako borroka kari oroimen argia du Iriartek. «Gasbidearen lehen proiektuak 600 lanpostu sortu behar zituen, eta enpresa anitz erakarri behar zituen Xiberurat, geroztik hortaz ez dut deus ikusi ...»







