Roussetek aise irabazi du Ipar Euskal Herrian ere eta Lassallek min handia egin dio UMPri
UMPk porrot handia hartu du Hexagonoan. Metropolia solik begiratuta, Alsazia da UMPk gobernatuko duen eskualde bakarra. Kortsikak ere ezkerrera jo du eta abertzaleek ehundoko emaitza lortu dute. Akitanian, espero bezala, Alain Roussetek aise irabazi du. Bozken ehuneko 93a zenbatuta, Europe Ecologie eta Front de Gauche-kin akordioa egin eta gero PSko hautagaiak bozken %55,7 bildu ditu. Hala ere sorpresa Jean Lassalle zentristak eman du. Bozken %16 lortu ditu eta Pirinio Atlantikoetan Xavier Darcos UMPko zerrendaburuaren 2 000 bozkara gelditu da. Hurrengo lerrotan Ipar Euskal Herriko datu orokorrak.
UMPko zerrenda-buruak, Xavier Darcos ministroak bozken %27,9a hartu ditu eta Jean Lassalle (Modem) % 16,0a lortu du. Lassallek sostengu nabarmena lortu du Akitaniako -lehen itzuliko emaitzak bikoiztu ditu, kasik- eskualde askotan. Besteak beste Ipar Euskal Herriko barnealdean emaitza onak ukan dituzte zentristek besteak beste Baigorri, Donapaleu, Iholdi edo Bidaxuneko kantonamenduetan.
Bistan da Forces Aquitainek min handia egin diola UMPri. Horren adierazle, Donibane Lohizuneko emaitza, non Darcosek hiru puntu baizik ez dizkio atera Rousset-i ( %43-%40 ). Baionan, Rousset garaile atera da, bozken %53,7a lortuta; Darcos bigarrena izan da ( %29,15) eta Lassallek bozken %17,19a lortu ditu.
Rousset garaile atera da Euskal Herriko herri anitzetan, eta baita ere hiru euskal lurretako emaitza orokorra hartuta ere. Besteak beste, Kanbon, Atharratzen, Maulen edo Hendaian garaipen handiak lortu ditu hurrengo lau urtetan Akitaniako presidentea izaten segitzen duen politikariak.
Alain Roussetek aise irabazi du Euskal Herrian.
Hona hemen Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko emaitza orokorrak:
- Rousset : 45 727 bozka // Lassalle: 24 887 // Darcos: 29 674







