Alberto Suriok asmo argirik ez du agertu EiTBk Baionan duen antenari buruz
Badira zonbait egun Abertzaleen Batasunarekin batera Baionan egin zuen agerraldian iragarri zuen bezala, Aralarrek EiTBk Iparraldean duen bulegoan sortu den krisiari buruz azalpenak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean. EiTBko kontrol batzordean Alberto Suriok emandako erantzunek ez dituzte, alta, Iparraldeko 7 langileek bere geroari buru dituzten zalantzak argitu. Baionako egoitza atxiki eta «gutxienez 3 langile» izanen direla Baionan azaldu du EiTBko zuzendariak. Aparteko azalpenenik ez du eman martxoaren 31etatik goiti Iparraldetik euskal irrati eta telebistak eskeiniko duen informazio zerbitzuari buruz.
Hego Euskal Herrian itzalketa analogikoa hastear delarik... EiTBk Baionan duen bulegoan «geroa iluna» ikusten dute. Lainoak, ordea, ez dira gaurkoak. Joan den udazkenetik hona udaberriak zer ekarriko duen zain dira bertan jarduten duten langileek. ( Lehen 7 ziren eta egun 5 gelditzen dira ) . Geroztik ez dakite martxoaren 31etatik aitzina zer gertatuko den euskal eta irrati telebista publikoarekin Iparraldean.
Baionako EiTBko antena badira bi hamarkada sortu zen. Mahaigainean ziren beste alternatibak alboratuz, hauxe erabaki zuen garai hartan EAEko gobernuan zegoen EAJ alderdiak: euskal eta irrati telebistaren zerbitzua bi sozietateen bidez kudeatzea Iparraldean.
Eredu horri segituz, Comediak EITBri ekoizpena saltzen dio eta Euskal Media sozietateak kudeatzen ditu langileen kontratuak. Lan baldintzetan eta informazio ereduan gora-behera handiak izan ditu EiTBk.
Gobernura iritsi ostean, PSEk aurreko eskema auzitan ezarri bai, baina berria sortzeko ahalmen edo nahikeriarik ez du oraingoz agertu. Joan den udazkenean martxoak 31 arte luzatu zuen, azkenaldirako, Baionako kontratua. Anartean, ez du beste egitasmo bat mahaigainean ezarri. Denbora aurrera jo eta... langileek kanporatzeko abisua jaso dute.
15 egun egoera bideratzeko edo...
Legebiltzarrean egindako agerraldian, EiTBko zuzendari orokorrak ez du informazio handirik eman. Alberto Surioren esanetan, Baionako bulegoa atxikiko dute eta «aurki» lehiaketa publikoa deitua izanen da Iparraldeko zerbitzua emateko. Baionako bulegoak ukanen duen buxeta ez du zehaztu. Azken hamarkadan EiTBk 5,5 milio gastatu dituela Iparraldean zehaztu du, ordea.
Apirilatik landa Iparraldean gutxienez 3 langile jardungo dutela baieztatu ondoren, zer nolako emankizunak eginen dituzte ez du erran «horiek guziak hautatuko dugun enpresak deliberatuko baititu».
EiTBko zuzendari orokorrak lan anitz badu aitzinean: lehiaketa publikoa deitu, EiTBko zerbitzuak Iparraldean eramanen duen enpresa hautatu eta langileen kontratazioa bideratzeko... 15 egun ditu !





