Anaiz Funosas Askatasuneko bozeramailea Anzaren aldeko omenaldia kari azalpenak emateko deitua, gaur, Baionako komisaldegian
Kazeta.infok aurreratu duenez, Frantziako Poliziak pertsona bat deitu du joan den uztailean Ziburun Anzaren aldeko omenaldiari buruz azalpenak emateko. Anaiz Funosas Askatasuneko bozeramailea astelehen huntan 14.00etan Baionako polizia etxera joateko deia jaso du. Askatasunak jakitera eman duenez, Funosas hitzordura joanen da ordezkaritza zabal batek lagundurik.
Kazeta honek joan den astean aurreratu zuenez, uztailean Ziburun Jon Anzari egin zioten omenaldian ETAk burutu zuen ezusteko agerraldiari buruz azalpen eske ari da Frantziako Polizia.
Hartara, pertsona bat konbokatua izan da gaur astelehenerako omenaldiaren karietara azalpenak emateko. Anaiz Funosas Askatasuneko bozemailea da eta ordezkaritza zabal batez lagundurik joanen dela Baionako polizi etxera jakitera eman du amnistiaren aldeko mugimenduak.
Joan den uztailean ezker abertzaleak Ziburun antolatu zuen ekitaldia politikoan burua estalia zuten hiru ETA kide azaldu ziren. Oholtza gainetik «Euskal Herriaren alde hildako guztiei» egin dakiekeen omenaldirik onena «erabakitzeko eskubidea gauzatzea» dela adierazi zuten.
Joan den martxoan Okzitaniako Tolosako morgean atzeman zuten Jon Anza euskal iheslariaren gorpua. Autopsiari loturiko azken azterketak egin eta gero, joan den uztailaren 24an Anzaren hilotza Euskal Herrira arribatu zen. Ziburuko beilatokian lehen harrera egin ostean, biharamunean, Ziburuko frontoian ekitaldi politikoa antolatu zuen ezker abertzaleak.
Omenaldiak bi momentu ezberdinak izan zituen. Hastapenean, kazetariak bertan zirelarik, ezker abertzaleko ordezkariek adierazpen bat egin zuten. Ondoren, kazetariak bertatik alde egitera gomitatuak izan ziren, «familia eta lagunei euskal iheslariari azken agurra emateko intimitatean egiteko eskubidea bermatzeko».
Ondoren ezker abertzaleak azaldu zuenez, ekitaldian «egungo momentu politikoaren irakurketa» eman zuen. «Bizitzen ditugun garaiak ez dira eusteko garaiak, ez dira erresistentzia hutsunean murgiltzeko garaiak, baizik eta iniziatibaz jokatzeko garaiak dira, Euskal Herriaren hitza eta erabakia behin betiko irabazteko garaiak» erran zuen ezker abertzaleko hizlari batek.
Ezker abertzaleak burutu eztabaida «luze eta sakona»ren emaitza aipatuz, «orain marraztutako bidea jorrratu behar dugu, nihundiko konplesurik gabe» gaineratu zuen.
"50 urteetako borrokak ekarri dituen fruituak jasotzeko garaia da"
«Heldu da garaia 50 urteetako borrokak ekarri dituen fruituak jasotzeko; heldu da garaia Jon eta ehundaka lagunen engaiamendu militanteak ekarri duen uzta biltzeko, autodeterminazio eskubidea irabaztera goaz». erranez amaitu du ezker abertzaleko ordezkari politikoak bere hitzartzea.
Mezu horrekin bat egin zuen ETAk, ekitaldia aitzin kazetariei emandako egitarauan aurreikusirik ez zen agerraldi baten bidez. Erakunde armatuaren hiru ordezkari oholtzara igo eta horietarik batek erakundearen agiria irakurri zuen.
Ustekabeko agerraldiari buruzko xehetasunak
Ustekabeko agerraldiari buruzko xehetasunak "Berria" eta "Gara" egunkarietan agertu ziren biharamunean. ETA kideak «Euskal Herriak azken 50 urteotan egin duen borrokaren kapital politikoa erabakitzeko eskubidearen alde jartzera» deitu zuela idatzi zuen aipaturiko lehen kazetak.




