Angelun izandako leherketak kalteak eragin ditu, Capbreton-en, berriz, lehergailua indargabetu dute
Asteazkenetik ostegunerako gauean higiezinen bulego baten aitzin etxeko lehergailua ezarri zuten Angelun. Akitaniako Gendarmeriako iturri batek Eguberri egunean, eguerdi aldera, Capbreton-en atzemandako lehergailua eta ordu batzuk lehenago Angelun kalte materialak eragin zituenaren artean "lotura izan daitekela" aipatu du.
3.30ak aldera lehergailu batek eztanda egin zuen higiezinen bulego batean, Angelun, kalte materialak eraginez.
"Euskal Herria ez da salgai" leloa margoturik azaldu zen "Guy Hoquet" agentziako paretan. Gisa berako azken erasoa joan zen irailean gertatu zen. Orduan jatorriaz ingelesak diren etxebizitza kaltetua izan zen.
Angeluko auzapeak, Jean Ezpilondok (PS), gogor salatu zuen erasoa "ekintza terrorista guziak gaitsetzi behar direla" erranez.
Handik oren gutxitara Capbretonen atxemandako lehergailuak, berriz, ez zuen eztanda egin. Capbreton (Landak) hirian dagoen kirolarien errekuperaziorako zentro baten ondoan atzeman dute lehergailua Eguberri egunean. Poliziak azaldu duenez, lehergailua nahiko sinplea zen eta sua eragiteko likidoaz gain zartatzeko sistemaz osaturik zen.
Eguberrian, eguerdialdean aurkitu dute lehergailu hori eta osasun zentroan ziren 60 bat pertsona kalera atera arazi ostean lehergailua indargabetu dute poliziek.
Ikerketaren emaitzaren zain lehergailua "nahiko sinplea" zela azaldu du Poliziak. Bestalde, inork ez duela beregain hartu ustezko erasoa gaineratu dute aipaturiko iturriek.
"Ikerketaren hastapena da, ezin dugu inolako hipotesik baztertu, ez da terrorismoaren ekintza edo fede txarreko ekimena den erran", nabarmendu du Poliziak.
Izan ere, Pariseko "terrorismoaren aurkako" auzitegia hartu du beregain ikerketa, gendarmeriaren esku geratu delarik.
CERS izeneko europear kirol osasun zentroak eraikin ezberdinak ditu eta Capbreton-eko itsasoko etorbidean kokaturik dago.
"Kirolari handi anitz etortzen dira hona sendatzera. Ronaldo edo Schumacher bezalako kirol izarrak tratatuak izan dira hemen", azaldu dio AFP agentziari Stéfane Deypeyrat-ek, Akitaniako Eskualdeko Kontseiluaren presidente ordeak.





