Anne Kayanakis: «Aztertu beharko dugu zergatik abiatu ditugun inkesta guziek kale egin duten»
Baionako prokuradoreak, Anne Kayanakisek ez ditu erantzun guziak, baizik eta galdera anitz. Kazetari parrasta -gehienak espainiar hedabideetako langileak- hurbildu dira auzitegiara Anzaren desagerketaren inkesta eramaten duen fiskalaren azalpenak entzuteko. «Ez dela ondo sentitzen, gauzak ez direlako ongi funtzionatu» aitortzen du prokuradoreak eta hamaika hilebete ondoren gorpua «atzeman» eta gero «aztertu beharko dugu zergatik abiatu ditugun iketa guziek ez dute emaitzarik eman, lehenik eta behin, eta ondoren Jon Anza nola hil zer argitzeko». Orduerdiko agerraldia eta gero galdera guziak airean gelditu dira.
Maite UBIRIA | BAIONA
Kayannakisen ondoan, Léotard komisarioa kopetilun azaldu da. Batak zein besteak auzitegiaren hirugarren estaiako gelan sentitzen den pizua sumatzen dute. Prokuradoreak nola aurkitu duten Anza azaltzen du. Iazko apirilaren 29an hartu zuten sorospen zerbitzuetako langileen Tolosako ( Okzitania) Estrasbourg parkean.
Donostiarra trenputxaturik zen. Bihotz masaia egin eta berpiztu zen. Purpaneko erietxea eraman zuten. Konortea bereskuratu gabe zendu zen maiatzak 11ean. Antsu hamaika hilabete berantago beste inkesta bat daraman polizi batek ezagutu zuen, erietxeko morgearen langile baten ahotik, identifikatu gabeko bat gorpua dagoela. Horrek ahalbideratu zuela Anzaren hilotza atzematea eta identifikatzea azaltzen du prokuradoreak.
Errelato kronologiko horretatik kanpo dena dira galderak: Apirilaren 18tik eta 29a bitartean non egon zen Anza ? «Ez dugu erantzunik, ikerketa argitu beharko du hori». Zergatik erietxeak lehenik eta behin ez zuen protokoloa bete Poliziari identifikatu gabeko pertsona bat zegoela jakinaraziz, eta jadanik Anza hilik zela zergatik ezeztatu zion PJri identifikatu gabeko hilotza zegoela gorputegian ? «Inkesta abiatuko dugu jakiteko zergatik egindako desmartxa guziek ez dute emaitzarik eman».
«Erantzunik guziak ez ditugu, galderak pausatzen dizkiogu gure buruari». Baionan, prokuradoreak eta PJko buruak ezin dute azaldu, ez da ere, zergatik Anzak poltsikoan Toulouse-Baiona ibilbiderako bileta soinean eraman bazuen ere Toulouseko nehork ez zuen atzo Baionako PJn jaso zuten dei bezalako bat.
Ez Poliziak, ez erietxetako arduradunek... Nehork ez zion, omen, segidarik eman aferari. Harridura aurpegiak nagusitzen dira Ipar Euskal Herriko kazetarien artean.
Protokolo guziek kale egiten dutenean...
Prokuradoreak ez daki zenbat denbora atxiki daitekeen identifikato gabeko gorpu bat erietxe publiko baten gorputegi batean. Bederen, 11 hilabete denbora luzea dela onartzen du. Denbora horretan inolako azterketarik ez diote egiten hlotzari ? Hala dirudi.
Edonola ere Anzatarrek ezin izan dute gaur arratseko azken ordurarte gorpua ikusi. Goizean goizetik Tolosan ziren. Baina eguerdian oraino zain ziren. «Prozedura da, astelehenean, autopsia amaituko delarik ikusi ahal izanen dugu», erantzuten du Kayannakisek. Hala ere, arratsaldean, familiareki zohoan mediku batek ikusi ahal izan du hilotza. Anzarena dela baieztatu du. Antsu 24 oren igaro dira jite poliziala duen filtrazioa abiatu zenetik Anzatarren baieztapen bat izan arte.
Familiak aukeratutako konfidantzazko mediku hori ezin izanen dela presente izan autopsian aurreratu du Kayanakisek. Herritar baten lokalizazioa eta identifikazioa ahalbideratzen dituzten protokolo guziek porrot egin eta gero... prozedura aipatu du Baionako fiskalak familiaren lasaitasuna eta iritzi publikoaren susmoak zertxobait lausotzeko balioko lituzkeen neurriak ez onartzeko arrazoitzat.
Estatuak izendatzen duen prokuradoreak ez du auzia epaile independente baten esku ezarriko. Arrazoirik ez du ikusten gorpua agertu eta gero zabalduko den inkestaren ardura ez eramateko. Frogen faltan, hipotesietaz jardun dezagun. Kayannakisek ez daki zer gertatu zen Jon Anzarekin.
Apirilaren 18an Tolosera heldu eta apirilaren 29an hiri bereko parke batean oso eri atzeman arte non eta nola izan zen euskal iheslaria ez daki, baina argitu beharko dela denbora horretan gertatutako guzia azpimarratzen du. Bertan behera gelditu da Anzaren bahiketaren salaketa ? Prokuradoreak ez duela nehoiz hipotesi hori lehentasuna eman argitu ondoren, inolako hipotesik ezin duela baztertu gaineratzen du. Eta Ribalcabak zabaldutako tesiaz zer ? «Guztiz baztertua da». Behingoz zerbait argi du prokuradoreak.





