Antilletako hiritarren borrokarekin bat egiten dute hainbat euskal eragilek

Argitaratua: 2009-02-23 15:20:29

Alderdi eta eragile sozialen artean bilkura bat burutu dute Guadelupako egoera aipatzeko. Hauen artean NPA (Nouveau Parti Anticapitaliste), Abertzaleen Batasuna, Batasuna, ELB, LAB eta Solidaires ados ezarri dira. Zabaldu duten agirian, Frantziako Gobernuaren jokamoldea salatzearekin batera, Guadalupe, Martinika, Guyana eta Reunion-eko langileen greba mugimenduari beren sustengua adierazten diote

Badela hilabete bat Guadelupen abiatu zen greba mugimendua Martinika, Guyana eta Reunionerat hedatu da. Horren aitzinean, Frantziako Gobernuak ez dituela aitzat hartzen langileen eginen duten aldarrikapenak salatu dute agiriaren lehen izenpetzaileek.

«Ixiltasuna eta bortizkeria izan da erantzun bakarra Gobernuaren aldetik, makilkadak eta atxiloketak burutu dituztelarik. Hala, egoeraren usteltzearen erantzule bakarra da, egoera honek bortizkeri gauak eta CGTGko sindikalista baten heriotza, otsailaren 18 hontan ekarri duelarik» adierazten dute alderdi eta sindikatuek.

Elkartasuna
Alderdi eta sindikalen erranetan, «LKP-ek eta antilletako hiritarrek bidea erakusten digute». Egiazko aitzinamendu sozialak lortzeko helburuz eta Gobernuaren xedeak gibelarazteko, langileek erakusten duten mobilizazio bateratua eta azkarra eredutzat hartzen dute.

«Sekulan baino gehiago, Guadalupe, Martinika, Guyana eta Reunion-eko langileen borroka gurea da ere eta gure elkartasun osoa ekartzen diegu» azaltzen dute agirian.

Bestalde, gogora ekarri behar da Guadelupeko langileeri sustengua adierazteko pasa den ostiralean LAB sindikatuak lehen mobilizioa burutu zuela. 25 lagun bildu ziren Baionako suprefeturaren aitzinean.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi