Antilletako langileekin elkartasunez elgarretaratze bateratua eginen dute larunbatean Baionan
Alderdi politiko eta jendarte eragile ezberdinek sinaturiko agiriari jarraituz, elgarretaratze bateratua eginen dute, larunbat huntan, goizeko 10.30etatik landa Baionako suprefeturaren aitzinean. Mobilizapen horren bidez, Antilletako langileek, besteak beste, eros ahalmenaren aldeko borroka sostengatuko dute.
Joan zen astean, alderdi eta eragile sozialen artean bilkura bat burutu dute Guadalupeko egoera aipatzeko. Hauen artean NPA (Nouveau Parti Anticapitaliste), Abertzaleen Batasuna, Batasuna, ELB, LAB eta Solidaires ados ezarri dira. Zabaldu duten agirian, Frantziako Gobernuaren jokamoldea salatzearekin batera, Guadalupe, Martinika, Guyana eta Reunion-eko langileen greba mugimenduari beren sustengua adierazten diot.
Larunbat honetan, elkartasun hori Baionako karriketan islatuko da. Goizeko 10.30etatik goiti elgarretaratze bateratua eginen baitute Suprefeturaren aitzinean.
Greba munimendua aitzinera doa
Bada hilabete bat Guadelupen abiatu zen greba mugimendua Martinika, Guyana eta Reunionerat hedatu da. Aste honetan istiluak izan dira, bereziki, Martinikan.
«Ixiltasuna eta bortizkeria izan da erantzun bakarra Gobernuaren aldetik, makilkadak eta atxiloketak burutu dituztelarik. Hala, egoeraren usteltzearen erantzule bakarra da, egoera honek bortizkeri gauak eta CGTGko sindikalista baten heriotza, otsailaren 18 hontan ekarri duelarik» adierazi dute agiriaren izenpetzaileek.
Alderdi eta sindikalen erranetan, «LKP-ek eta antilletako hiritarrek bidea erakusten digute». Egiazko aitzinamendu sozialak lortzeko helburuz eta Gobernuaren xedeak gibelarazteko, langileek erakusten duten mobilizazio bateratua eta azkarra eredutzat hartzen dute.
«Sekulan baino gehiago, Guadalupe, Martinika, Guyana eta Reunion-eko langileen borroka gurea da ere eta gure elkartasun osoa ekartzen diegu» azaltzen dute agirian.




