Anza afera dela-eta, frantziar poliziak kexu «espainiar agente gehiegi» direlako Ipar Euskal Herrian
Jon Anza euskal militante politikoa desagertu zenetik 300 egun betetzen dira gaur egunez egun. Gertakari beltz horri buruz argibide gutxi eman dute espainiar eta frantziar gobernuek. Izan ere, desagerketak zer esana ematen segitzen du Frantziako hedabideetan. Joan den astean Stéphane Joahny kazetaria Baionan izan zen eta "Le Journal du Dimanche" agerkariaren azken edizioan «Anza afera»ri buruz artikulua plazaratu du. "Le mystčre du porteur de valise d'ETA / ETAren diru karreatzailearen misterioa" izenburua duen idatzi horretan frantziar polizien kexa jasotzen du. Ipar Euskal Herrian « espainiar polizi gehiegi izanik» frantziar poliziek «itxura mantentzeko erabiltzen dituztela» sentitzen dute.
Maite UBIRIA | BAIONA
Stéphane Joahny kazetariak iturri anitzak erabili ditu bere informazioa osatzeko. Baionako prokuradorea eta Anzaren desagerpenari buruzko inkesta daraman Frantziako Polizi Judiziala (PJ) izan ditu solaskide. Bestalde, Askatasunako ordezkariak, Ahetzen bizi zen militantearen neska-laguna, eta Josu Juaristi, "Gara" egunkariaren zuzendariarekin mintzatzeko parada ukan du Pariseko kazetariak.
Jazko apirilaren 18tik honat «Anza aferan» ezagutu diren informazio nagusiak biltzen ditu. Baionan zabaldutako inkestak «hipotesi guziak» zabalik utzi dituela nabarmentzen du kazetariak. «Capbretonen bi guardia zibila hil ondoren, ETAk Anza afera bere burua zuritzeko baliatu nahi duela» azaltzen dute poliziek. Alta, aipatu iturriek «bahiketa ilegala» ezin dutela baztertu aitortzen dute. Rubalcabak soilik sinesten duela «Anza diruarekin hanka egin zuela» nabarmentzen du kazetariak.
EAJren gertu diren jendeak mintzatu dira Massey-rekin
"ETA: Histoire secrčte d'une guerre de cent ans" liburuaren idazlearekin mintzatu da kazetaria. Josu Juaristi, "Gara"ko zuzendaria bezala, bere iturrien sinesgarritasuna defendatzen du Jacques Massey-ek.
«Jende fidagarriarekin mintzatu naiz, 30 urtez euskal polizi autonomoa kontrolpean ukan duen alderdiaren inguruan dagoen jendearekin hitz egin dut eta pertsona horiek Anza aferan espainiar poliziaren CGI zerbitzuaren gainean dituzten susmoak azaldu dizkidate».
PJak euskal militantea aurkitzeko eginiko «lan azkarra»k deus ez duela eman azaldu eta Baionako prokuradoreak «ea Jon Anza espainiar poliziaren helburua zen» argitzeko egin inkesta aipatzen du "Le JDD"eko berriemaleak. «Printzipioz» espainiar zerbitzuek aparteko interesik ez zutela Anza harrapatzeko ondorioztatu du prokuradoreak.
Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, hurrenez hurren Frantziako Gendarmeria eta PJ-rekin burutzen duten elkarlana «guziz finkatua dela» eta «ETAren aurkako borrokan emaitza zoragarriak» eman dituela adierazi diote kazetariari polizi iturri ofizialek. Alta, izena eman ez duten hainbat poliziek bestelako aitorpena egin dute. Preseski, «Guardia Zibila eta Espainiako Polizia arteko norgehiagoka» aintzinean bere arragura agertzen dute. Ildo beretik, ETAren aurkako borrokan «frantziar poliziarekin aldenduta» espainiar polizien presentzia «askoz handiagoa» izanki hainbat frantziar poliziek Estatu fransesean eta bereziki Ipar Euskal Herrian «itxura mantentzeko erabiltzen dituztela» sentitzen dute.
( Xehetasun batzuk: "Le Journal du Dimanche" Laguardčre taldeko hedabide bat da. 2008ko datuen arabera, 262 000 ale plazaratzen ditu. Frantziar hiruburuan eta estatuko hiri nagusietan saltzen da )





