Ardi esne ekoizleek 4 000 jogurta eskaini dizkiote Bihotzeko Ostatuak elkarteari

Argitaratua: 2012-01-19 17:27:41

Paueko eta Miarritzeko esne jaurtiketen ondotik, ostegun goizean, CLPB kooperatibari loturiko ardi esne ekoizleek 4000 jogurta eman dizkiete Angeluko Bihotzeko Ostatuak elkarteko laguneri. Hortaz gain, beste berri garrantzitsua eman dute: "Gaur kooperatibak ez du esnerik arroilara bota bere izena ixilean gorde nahi duen industrial batek soberakina -gutti gorabehera 8000 pinta bi egunero- hartu baitu" azaldu du CLPBko André Iribarne lehendakariak. Bestalde, krisia gainditzeko bidean zenbait mintzaleku jarri dira martxan eta litekeena da hemendik guttira "industrialek gurekin berritz biltzeko xede ukaitea" gaineratu du Iribarnek. ( Irakurri ere: Euskal ardi esne ekoizleen sostenguz elkartasun ekimena abiatu dute interneten ).

Mattin PETRISSANS | ANGELU
Hortaz gain, krisia gainditzeko bidean zenbait mintzaleku jarri direla martxan azaldu du. Alde batetik, atzo goizean, kooperatibako kontseilu administrazioko hainbat ordezkari Laurent Nunez Baionako suprefetarekin bildu dira egoerataz mintzatzeko. Bestalde, "bi alderdien ikuspuntua entzutekotan" botere publikoek bilera antolatu dute industriako ordezkariekin.

"Momentukotz ez dugu atzoko bilkuren oihartzunik bainan badakigu finkaturik ez den data batean industrialek gurekin berritz biltzeko xedea dutela. Baita ere, atzo lehen aldia izan da suprefetarekin zuzenean bildu girela, horrek erran nahi du botere publikoek serioski hartzen dutela gaia" zehaztu du Iribarnek.

Goiz huntan 4000 jogurta banatu dituzte ardi esne ekoizleek. Horietarik 500 Angeluko Bihotzeko Ostatuaren egoitzan utzi dituzte, beste 500 aterbegabetuei edo ahalmen ekonomiko urriak dituzten herritarrei afariak eskaintzen dizkien Gaueko Mahaina elkarteari bidaliak izan dira eta azken 3000ak lurralde osoan banatzeko Bihotzeko Ostatuek Pauen duten egoitzarat igorriak izan dira. Egitasmo hori gauzatu ahal izateko orotara 500 litro ardi esne transformatuak izan dira. Nola ? Non ? Ardi esne ekoizleek nahiago dute ixildu zuhurtziaz jokatzeko.

Beren gaurko soberakinak "izena ixilean gorde nahi duen" industriala batek hartu dituela azaldu dute eta esaldi bera baliatu dute jogurtak ekoizteko laguntza nondik eskuratu duten galderari erantzuteko. Momentukotz soberakinan den esnea bildua bada ere, egoera egun batetik bestera alda daiteke.

Industrial horren laguntzaz zeharka bildua izan den esnea konduan hartu gabe, egunero kooperatibak 4000 pinta esne soberakinan ditu eta beste 10 000 litro Pyrénées-From esnetegiak biltzen dizkio. "Gauzak ez badira aldatzen, martxoaren 10ean industrial hunekin egindako akordioa bukatuko da eta beraz 14 000 litroko soberakina ukanen dugu!. Orotara 1,3 milioi pinta esne hartzailerik gabe gelditzeko arriskua bada" esplikatu du CLPBko lehendakariak.

Duela bi hilabete hasi ziren liskarrak
2011ko azaroan esnetegiek jakinarazi zuten atzerritik 8,5 milioi pinta esne ekarriko zituztela - urte hastapenean bertako ekoizlee 7 milioi baizik ez zituztela ekarriko hitza eman arren-.  CLPB desegiteko asmoa salatu dute laborariek. CLPBko kideen arabera "esnetegiek kooperatiba desegiteko nahikeria dute honek transformatze proiektu bat duelako eta luzeari begira egitura horrek konkurrentzia eginen diolako industriak ezarritako sistemari".

Azken egunetako esne isurketen gehigarriz, ardi esne ekoizleek ekintza ugari eraman dituzte aurrera. Hala, azaro erditsuan Heleta eta Makeako esnetegietan okupazioak burutu zituzten. Abenduaren 21an, berriz, Angeluko saltegi batean ekintza informatiboa egin zuten. Alta, industriak ez du oraino bere jarrera aldatu.

(Irakurri ere: "Euskal artzain gazte baten irudia erabiltzen duen "P'tit Basque" gasnaren publizitatea Eslovenian egin zuten" lelopean KAZETA.INFOn sareatutako artikulua )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi