Eco-vie saloinaren laugarren edizioa izanen da asteburu honetan Miarritzen
Eco-vie saloinaren laugarren edizioa ospatzen da asteburuan zehar Miarritzen. Eraikuntza materialak, kosmetika produktuak, naturarez errespetuz ekoiztutako elikagaiak -arno ekologikoa ohorean ezarriko du aurten merkatuak- eskuz eginiko jantziak edo jostailuak... mota ezberdinetako eskaintzak badira Irati areroan antolatu azokan. Bertan plantatu diren 170 bat erakusmahai bisitatzeaz gain mintzaldi eta animazio ugariz gozatzeko aukera bada. Hona hemen azokari egindako bisita azkarraren kondakizuna.
Maite UBIRIA | MIARRITZE
Eco-vie saloinak lehen aldikotz arno jastaketa bat antolatu du azokara hurbildu diren mahastizainen laguntzaz. Itsas bazterreko edo mendietako arno xuri, gorriak edo beltzak, Bordelekoak, Landesetakoak, Irulegikoak edo Agen aldekoak... arno biologikoetan hautua zabala izanen da Irati gelan antolatu azokan.
"Les Bonnes adresses du vin bio" liburuaren autorea eta "Vin bio magazine" aldizkariaren zuzendaria den Jean-Marc Cariték du larunbata goizean, 11:00tan, antolatuko den ekimen hau animatuko.
Bestalde Biharko Lurraren Elkarteak ( BLE ) Euskal Herria, Frantzia baita Italia, Grezia edo Belgikatik datozen 55 bat ekoizlerekin merkatu bat antolatuko du. Saldutako produkto guziak biologikoak direla ziurtaturik da eta saloinako ostatu ezberdinetako elikagai eta edariak ere halakoak izanen dira.
Euskal Herritik urrun bizi bada ere, azokan atzeman dugu ahatekinak ekoiztu eta saldu egiten dituen Lopez Sylvianek. Pateak, ahate konfitak, tipula erreximentak, gibel-freskoa... "ahatea ez dugu bortizki elikatzen, aske ditugu ahateak, eta horrek eragina handia du prokuktuaren kalitateari begira" azaldu digu saltzaileak.
Miarritzeko azokan gurutzatu ditugun beste ekoizle anitz bezala, estatu frantsesan zehar antolatzen diren bio azoka garrantzitsuetara hurbiltzen da Lopez.
Kotoia, latexa, artilea... baina naturala
Eco vie saloinean zentzuak iragartzen dira. Materiala naturalak nagusitzen dira. Usaindu eta ukitzeko gogoa pizten duten materialak dira. Haurrendako arropak bereziki erakargarriak dira baina estetikatik haratago "bizimodua beste era batean antolatzeko aukera zabala dela" erakutsi nahi du azokak.
Bio eskaintza zabala da, baina ohikoak ditugun produktuetarik harago joateko kontsumitzeko erari buruz gogoeta egin behar dugu. Erosketa handia eta azkarreren ikurra den "hartu, erabili eta bota" leloari aurre eginez, denbora hartzeari, iraupenari, so eginen diote azokan diren ekoizle gehienek.
Suitzan egindako oheak saltzen dituen Berthe saltokiaren arduradunak nabarmentzen duenez, material naturalak baizik ez dituzte erabiltzen. Altzarietan ez dute barnisarik erabiltzen eta latex naturalaz eginiko koltxoi eta azpikoak saltzen dituzte. Bi lagunendako ohe osoa 3 000 eurotan saltzen du. "Izan ere 12 urtetako garantia eskaintzen dugu" gaineratzen du berehala. Argudioa indartzeko "bizkarreko minarik gabe jaikitzea" ez duela preziorik azaltzen du saltzaile trebeak.
25 eurotan "bederen bost urte" irauten duen zapatak garbitzeko "jojobaz eginiko argisaria" saltzen du Milok. Gure zapatak distiratsu utzi dizkigu eta bere lanari ekiten zion bitartean produktua edozein larrua garbitzeko baliatu dezakegula goraipatu du.
Euskara oso gutxi entzun dugu Eco-vie saloinan. Afitxak begiratuz zaila da jakitea Euskal Herrian gaudela. Gipuzkoatik etorritako bi saltzaile adoretsu han aurkitu ditugu, ordea, Etxepareren hizkuntzan kalakan. Zumaiatik etorri da gehienbat umeendako arropak apaintzen dituen "mai kamisetak" marka tipiaren sortzailea ( www.maikyk.com ). Bere ondoan, xatarrak -pardelak- eta serbiletak -konpresak- proposatzen ditu. Kotoizkoak dira eta behin erabilita arropa garbigailuan sartu daitezke.
" Erabilpenaren arabera, bost urte goiti iraun dezakete; beraz, nahiz eta karioak direla pentsatu, urte ete erdi batez hasieran eginiko inbertsioa berreskuratu dugula jakin behar da, pardelak eta konpresa anitz behar ditugulako, azaldu digu Garbiñek, Maripuri tijeritas markaren sortzaileak.
Emazte batek 10 eta 20 000 konpresa edota tanpoi erabiltzen ditu bere bizitzan zehar. Xifra horiek eskutan, 5-10 urte arteko iraupena duten senbileten prezioa: 16 euro inguru; Batazbeste 5-7 unitate erabiltzen dira ziklo bakoitzeko.
Emazte gaztea ausartago direla "materiala naturalak eta diseinu erakargarriak" eskaintzen dituzten serbileta ekologikoak aukeratzeko orduan azaldu digu Plim markak Iratin ezarri duen erakusmahaian atzeman dugun Oliviak. Krisiak ez duela gehiegi hunkitzen ekoizpen ekologikoa gaineratzen du.
Ingurumenari buruzko sentsibilizazio lana
Eco vien erosketek inportantzia handia hartzen badute ere, inguramenari buruz sentsibilizatzeko adin guzieri zuzendutako animazio, mintzaldi eta tailerra ez dira falta.
Adibidez, norberak kosmetikako produktu naturalak egiten edo etxeak eraikitzeko lurrezko adreiluen ekoizten ikasteko atelierak badira. Gaztetxoek animazio frango atzemanen dituzte. Hartara, Bil ta Garbi sindikatuak birziklapenaren karietara animazio berri bat aurkeztuko du.
( Eco-vie azoka. Sartzearen prezioa 5 euro. Hiru egunetako sarrera 6 euro. 15 urtepekoek dohainik sartzeko aukera ukanen dute birziklatzeko plastikazko 3 boteila tapa ekartzeko baldintza soilik betez )
( Irakurri ere : Bil ta Garbi sindikatuaren parte-hartzea Eco-vie saloinean: animazio berri bat birziklapena bultzatzeko ).







