Atzoko operazio poliziala mugimendu independentistaren ekimena oztopatzeko beste saiakera bat dela dio Batasunak
Batasuna alderdi politikoak espainiol poliziak atzo burutu Segi gazte mugimenduaren kontrako sarekada gogor salatzeaz gain, bere babes eta sustengu osoa adierazi nahi izan dio Segiko militante guzieri eta frantses poliziak atxilotu Iker Elizalde hautetsiari. Batasunak mugimendu independentistaren ekimen politikoa oztopatzeko sarekada dela dio.
Hego Euskal Herrian Segi gazte mugimenduaren kontrako operazio burutu du atzo Espainiol poliziak. Sarekada honen ondorioz, 34 militante atxilotu dituzte eta orotara 92 miaketa burutu dituzte. Herriko tabernak, atxilotuen etxeak, gaztetxeak, kirol gune eta hainbat elkarte miatu dituzte. Gaur, pertsona guzi horiek atxilotuta eta inkomunikatuta segitzen zuten.
Hala izanik, Batasunak torturaren erabilpenagatik bere kezka adierazten du «indar polizialaren eskuetan dauden gazte hauek jasan dezaketen tratuaren inguruan" eta euren berehalako askatasuna exijitzen du.
«Operazio honen helburua euskal gazteria kriminalizatzea izateaz gain, mugimendu independentistaren ekimena oztopatzeko beste saiakera baten aurrean gaude» adierazten du Batasunak.
Halere, «Estatu espainiar faxistak Ezker Abertzalearen ekimen politikoa errepresioz dinamitatuko duela uste badu erabat erratua dela» ihardesten dio. Bere ustez, «horrelako erasoek euskal jendartea erabakitze eskubidearen jabe izateko premia indartu besterik ez dute egiten».
Egoera honen aitzinean, eraso honi erantzutea eta herriaren eskubideen defentsan aritzea herritar ororen ardura dela dio. Gisa hartan, datozen egunetan atxiloketa hauek salatzeko eta elkartasuna adierazteko burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaltzen du Batasunak. Azkenik, bere konpromisu osoa berresten du Batasunak Euskal Herria ezenatoki demokratiko batetara eramateko.




