ETAk auto-bonba bat leherrarazi du Burgosen Guardia Zibilaren kaserna baten kontra
Egusentia zelarik lehergailuz beteriko furgoneta bat leherrarazi du ETAk Burgosen. Autoa Guardia Zibilaren kaserna baten gibelean utzi eta zartarazi du erakunde armatuak. Atentatuak ez du hildakorik eragin, baina kasik 50 pertsonek zauri arinak izan dituzte. Atentatua egiteko ETAk erabili duen autoa bezperan aparkatu zuten kasernaren atzealdean. Ibilgailua zegoen tokian 7 metroko zuloa eragin du leherketak. Eztandak kalte material ugari egin ditu gehienbat kasernan baina baita baita inguruko etxeetan ere. Atentatua gertatu eta ordu gutxitara operazioa burutu du Guardia Zibilak Euskal Herrian, gaztesarea webgunearen aurka.
Eztanda goizaldeko 4ak aldera gertatu da eta ETAk ez du aitzinetik horren abisurik eman. Espainiako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, erasoaren eraginez 45 bat pertsonek zauri arinak izan dituzte -guardia zibilak eta horien familiak dira eretxean zaindu dituztenak- eta kasernan kalte ugari izan dira. Kasernatik gertu diren hainbat etxetan kalteak ere izan dira, gehienbat lehioak hautsita dituztelarik.
Gaztelu Leoneko Gobernuak azaldu duenez, atentatuan zauritu diren pertsonak Burgoseko hainbat erietxera eraman dituzte. Nehor ez da larri. Gehienek beirak edo paretak erortzerakoan zauri arinak jazo dituzte.
Barne Ministerioak azaldu duenez, atentatua egiteko erabi duten autoa Frantzian lapurtu zuten eta ibilgailuaren barruan 200 bat kilo lehergai inguru ziren. Iduriz, erasoaren egileek autoa bezperan utzi zuten kasernaren gibelean. Oraingoan koartelaren kamarek harturiko irudiak aztertzen ditu Poliziak atentua nola burutu duten argitzeko.
Erran bezala, autoa kasernaren atzekaldean zegoen estazionaturik, koartelaren fazadarik 16 bat metrotara. Leherketak 7 metroko zuloa egin du autoa zegoen tokian.
2009ko lehen sei hilabetetan zortzi atentatu egin ditu Euskadi ta Askatasunak. Azkenekoa joan den uztailaren 9an burutu zuen, Durangon (Bizkaia). PSE alderdiaren egoitzaren aitzinean ezarritako lehergailuak kalteak eragin zituen. Bestalde, joan den ekainaren 19an, Arrigorriagan (Bizkaia) Eduardo Puelles Garcia, Bilboko komisaldegian Espainiako Poliziaren informazio zerbitzuen burua zena, hil zuen ETAk bere auto azpian bonba bat ezarriz.
(Irakur ere: "Infernuak". Pello Urzelai kazetariak "Berria" egunkarian idatzitako artikulua )







