Autopsiaren emaitzaren zain, Errobin atzeman duten gorpua Jon Anzarena ez dela uste du Polizia Judizialak

Argitaratua: 2009-06-02 10:26:37

Anzaren desagerpena salatu zuten, joan den larunbatean, Biarritzen.

Frantziako Polizia Judizialak (PJ) bere gain hartu du, atzo arratsean, Errobi ibaian agertu zen gorpua kari zabalduriko inkesta. Kazeta.infok jakin ahal duenez, gaur edo bihar eginen diote autopsia Bidarrai eta Itsasu artean arrantzale batzuk aurkitu zuten gorpuari. Hala eta guziz ere, PJren iturri batek zalantzan ezarri du gorpu hori Ahetzen bizi zen Jon Anza militante politikoarena izaitea.

Mauleko Jendarmeriak gorpu bat erreskatatu du astelehen arratsean Errobi ibaian, Bidarrai eta Itsasu artean. Lehen identifikatzeko lanak ibai ertzean burutu dituzte eta, iduriz, badira aste batzuk gorpua ur azpian zegoela

"Sud-Ouest" egunkariak, bere edizio digitalean zabaldu du lehen albistea arratsaldeko zortzi t'erdiak aldera. Arratseko lehen orduan arrantzale batzuk gorpu bat atzeman dutela Bidarrai eta Itsasu artean esaten zen berri horretan. France Bleu irratiak Pas de Roland-en izan dela aurkitua gorpua zehaztu du 19.00etako albistegian.

Aurkikuntzaren berri izan ondoren Mauleko Jendarmeria aipaturiko lekura joan da eta gorpua erreskatatzeko lanak burutu ditu. Iduriz, zaila izan da gorpua Errobitik ateratzea eta toki berean egin dituzte gorpua identifikatzeko lehen analisiak.

Lehen aztarnen arabera gorpuak aste batzuk zeramatzan ibaian. Alta, astearte goizean abiatuko dute autopsia, eta horren emaitza jakin arte ezin da inolako hipotesi baieztatu. Zuhurtziaz jokatzea inportanta da. Izan ere, Polizi Judizialeko iturriek "Jon Anza ez dela" eran daukute gaur goizean. Baionako Auzitegia iturritzat aipatuz France Bleuk berri hori baieztatu du ere bai.

Anzaren desagerpena ikertzen duen prokuradorea bertan
Anne Kayanakis, Baionako prokuradorea gorpua aurkitu duten tokirat joan zen atzo arratsean eta horrek inguruan ziren kazetarien susmoak areagotu zituen. Askatasunak, bere aldetik, informazioa sekatu zuen informazioa jaso eta gero, eta Maritxu-Paulus Basurko abokatuak Jon Anzaren familiarekin harremanetan jarri zen une oro desmartxa horien berri izan zezaten.

Gogora ekarri behar da Kayanakis andereak eramaten duela Jon Anza militante politikoaren desgerpenagatik zabaldutako ikerketa.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi