28 233 herritarrek parte hartu dute Baterak antolatu duen kontsultan

Argitaratua: 2010-03-14 21:46:39

Gaueko 10.00etan eman dute xifra. 28 233 herritarrek bozka eman dute Batera plataformak antolatu duen herri galdeketan. Horietarik ehuneko 78,14k Euskal Herrian Lurralde Elkargoa sortzearen alde bozkatu dute, ehuneko 19,08a egitasko horren kontra azaldu da. 116 herrietan egin da bozketa. AHTri buruzko erreferenduma ospatu den herrietan -zortzi Euskal Herrian- heldu den igandean eginen da Bateraren erreferenduma. Emaitza batzuk ematen dizkizuegu ondorengo lerrotan. Edonola ere, heldu den ordutan www.batera.info webgunean emaitza guziak sartuko dituzte.

Galdeketa antolatu duen plataformak zenbaketa burutu du Baionako Lan Burtsan. Bertan jakinarazi dutenez, Baionan hauteslegoaren ehuneko 10ak parte hartu du (ehuneko 81,73 alde, ehuneko 15,72 kontra); Garaziko kantonamenduan 28,4koa izan da (ehuneko 75,61 alde, ehuneko 19,5 kontra ) Iholdiko kantonamenduan ehuneko 47,89 (ehuneko 35,12 alde, ehuneko 10a kontra); Hazparnen ehuneko 16,6 (ehuneko 89 alde, ehuneko 10,9 kontra); Beskoitzen ehuneko 29,63 (ehuneko 79 alde, ehuneko 17,7 kontra).

Gora-beherak Angelu eta Baionan
Azken egunetan Angelun izan diren gora-beherekin, lurralde kolektibitateari buruzko galdezketa gauzatzeko arazoak izango zirela pentsa zitekeen, Jean Espilondo auzapezak debekua iragarri baitzuen. Alta, nahiz eta jendarmeen bisita ukan duten, herri galdezketako antolatzaileek ez dute arazo nabarmenik izan, bururaino beren ekimena eramateko.

Baionan, berriz, Henri Labayle auzapezaren axurantak mehatxuak egin ditu. Bere irudiko ez zen legezkoa eskualdeko hauteskundeetako bozkazaleak galdezketa herritarrean parte hartzeko gomita egitea herriko etxetik hurbil. Angelu auzapezak egin bezala, jendarmeak igorriko zituela erran die antolatzaileei. Hala ere, galdezketa ongi iragan da.

Etxegarai: Hemengo lurraldeak instituzioa eskatzen du
Rene Etxegarai, Baionako auzapezaren axuanta pozik azaldu da "Baterak bere burua ezagutaraztea loru du". Bere erranetan, gaurko galdeketa "etapa historikoa izan da duela bi mende abiatutako eskaeraz jendeak iritzia emateko aukera izan duelako".

Hautetsi zentristaren esanetan, "bi gauza argi geratu dira: jendeak bere etorkizunarekin zer ikusia duten gaiez hitza izatea nahi dutela eta administrazio frantsesak Euskal Herriaren ezagutzari buruz defizita duela".


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi