Azkenik matematika froga ere euskaraz egin ahal izanen da aurtengo brebetan
Seaskak jakinarazi duenez, aurten ere matematika froga euskaraz egin ahalko dute kolegiotik lizeora igarotzeko bidean brebetako azterketa pasatu behar duten ikasleek. Azken egunetan zalantza handiak ziren horren gainean Errektoradutzak iragarria baitzuen geografia eta historia azterketa baizik ezin zela pasatu euskaraz. Seaskak egoera salatzeko prentsaurrekoa iragarri ondoren soilik ziurtatua izan da ofizialki badira 16 urte lortutako akordioa beteko dela aurtengo brebetan ere. Bestalde, ostegunean abiatu den aurtengo baxoa azterketan euskarak atzerriko hizkuntzek baino tratu eskasagoa duela salatu du Seaskak.
Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendariak, prentsaurrekoa bertan behera gelditzen zela iragartzeko hedabideetara bidalitako oharrean gogora ekarri duenez, 1994 urtetik, historia eta geografia eta matematikako froga euskaraz egin daiteke. Hori Seaskak et Frantziako Hezkuntza Nazionala artean izenpeturiko akordioari esker.
Izan ere, Errektoradutzak kolegioei eta azterketa zentroei jakinarazi zien historia eta geografia bakarrik egiten ahalko zela euskaraz aurtengo brebetan. Hartara, matematikak zuzentzeko erakasle euskaldunik ez zuten deitu ere egin froga horien zuzenketa bermatzeko.
Egoera horren aintzinean, Seaskak adierazi zuen onargarria ez zela orain 16 urte lortutakoa bertan behera uztea. Gorostiagak azpimarratu duenez, "Matematikak euskaraz egiteak ez zuen sekula arazorik sortu, Portu, zuzentzaile euskaldunak, segurtatuak baitziren".
Hainbat entseguren ondoren, Errektoradutzarengandik berririk ez zutenez, biharko prentsaurrekoa deitzea erabaki zuen Seaskak. Baina "prentsaurrekoaren berri jakitean, Errektoradutzak erabaki du beste urteetan bezala matematikak euskaraz zuzentzeko erakasleak segurtatzea".
Berria jaso ondoren ostiral arratsean deitua zuen prentsa agerraldia bertan behera utzi du Seaskak. Edonola ere, "afera hurbiletik segituko dutela" berretsi dute, eta Euskararen Erakunde Publikoarekin laster izanen duten bilkuran brebetarekin gertatutakoa zein baxoan euskarak merezi duen tratu eskasa aipatuko dutela iragarri du Gorostiagak.
Komentarioak
Manex
2010-06-18
Antzinera joan ordez gibelka ari ? Garai ilunen atarian garen menturaz...
Goraipatzekoa da Seaskak egiten duen indarra ikasleak euskalduntzeko. Zorionak !


- 

