«Bai, bai, bera da, Tim Robbins aktorea gure dendan sartu da»

Argitaratua: 2009-10-08 13:04:23

Tim Robbins (ezkerrean) Sergio Gartzia herri dendaren arduradunarekin.

Esaldi horrekin laburbildu daiteke Inpernuko Hauspoa, Bilboko herri dendaren arduradunak asteazken arratsean hartu zuen sorpresa. Tim Robbins aktore estatubatuarra Euskal Herrian da Orwellen eleberri famatuan oinarrituriko "1984" antzezlana Arriaga antzokian aurkeztu duelarik. Atzo, txirripita hartu eta itzuliño bat egin zuen Bilboko erdigunea ezagutzeko. Herri dendak duen erakuslehioak nolabait bere harridura deitu eta barrura sartu zen. Urriaren 12aren bezperetan.... faxismoaren aurkako tisertak barra-barra erosi zituen aktore ospetsuak!... baita euskal presoek Euskal Herrian izan behar dutela aldarrikatzeko balio dituen ikurrak AEBtara eramateko hartu zituelarik. Rodolfo Ares Barne sailburuak jakingo balu...

Maite UBIRIA | KAZETA.INFO
Begiak behin baino gehiagotan igurtzi zituela aitortzen zigun gaur goizean telefonoaren betaldetik Sergio Gartziak. Atzo, 15.30ak aldera Inpernuko Hauspoa herri dendan zelarik Tim Robbins-en "antza handia" zuen txirrindulari bat ikusi zuen erakuslehiotik. "Ez da bera" erran zion berarekin batera euskal herri mungimenduak sorturiko ekoizpenak saltzen dituen saltokian zegoen lagun batek. Txirripita denda aitzinean gelditu eta erakuslehioak nolabait "1984" nobelan oinarritutako antzelanaren zuzendariaren harridura sortu zuen.

"Denetarik badugu: Txalapartaren liburuak, Behigorri-ren kamisetak, Garak plazaratu materialak, aldizkari alternatiboak, TMO eta bestelako komikiak, DVDak diskak... Izan ere faxismoaren aurkako ikurra duten tisertak ikusi eta gero dendan sartzea deliberatu zuela uste dugu", kondatzen zigun gaur goizean oraino sorpresa gainditu ezinikan zebiltzan saltzaileak.

Ingelesa eta erdara nahastuz, Robbins-ek dendan salgai dituzten materialei buruz pausatzen zituen galderak erantzuten ahalegindu ziren Inpernuko Hauspoa-ko lagunek. Bere ideia ezkertiarrak ez ditu ezkutatzen Susan Sarandon-en senarrak: internazionalismoa, feminismoa, globalizazioaren aurkako hamaika borroketan ikusi ditugularik. Engaiamendu horren adierazle Robbins-ek Inpernuko Hauspoan egin zituen erosketak.

"Faxismoaren aurkako materialak zituen gustukoenak, baita internazionalismoarekin eta euskal gatazkarekin lotura duten DVDak eta abarrekoak eskuratu zituelarik" laburbiltzen du Gartziak. 20 bat minuta izan zen Robbins Bilboko Indautxu auzoan dagoen herri dendan. "Herri indigenen eskubideen alde egin duen lana ezagututa, euskaldunok Europako azken indigenak garela erran genionean ondo baino hobeto ulertu zigun".

Zinema ez da Robbins-ek duen zaletasun bakarra. Hartara aktore estatubatuarrak musika talde batean jotzen du. "Gure gitarretan honako leloa itsatsita daramagu: hauek dira faxistak akabatzeko makinak" kondatu zien dendako lagunei. Are gehiago, "hemendik aurrera lelo horrekin batera, euskal presoen aldeko ikurra ezarriko dutela erranez pegata andana eraman zituela" azaldu digute dendako arduradunek.

(Ikus: Inpernuko hauspoa herri dendari buruz youtuben zintzilikaturiko bideoa)

(Kirruli kultur elkartearen bloga gai honen karietara azaldutako informazioa )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi