Baionako Merkataritza Auzitegiak Xibiouz jantzi-marka "likidazio judizialpean" ezarri du

Argitaratua: 2012-02-08 01:01:02

Xibiouz diseinu enpresa desegiteko prozedura abian jarri du Baionako Merkataritza Auzitegiak. Erabakia joan den urtarrilaren 23an hartu zuen epaitegiak. Hunkitua den pertsonak batek KAZETA.INFOri azaldu dioenez, sei pertsona lanik gabe gelditu dira "arrazoin ekonomikoak" aipatuz auzitegiak hartu duen erabakiaren ondorioz. Hedabide hau markaren ordezkari batekin harremanetan sartu da eta azken hurak abstraktuki esplikatu duenez, "gutariko bakotxak hartu bide ezberdinen ondorioz" heldu da proiektuaren krisia.

Mattin PETRISSANS / Maite UBIRIA
Xibiouz marka 2003an sortu zen Donibane Garazin. Pariseko jantzi ekoizle famatu batentzat lan egiten zuen Sylvie Doxaranek bultzatu zuen proiektua Cédric senarrarekin eta Arte Ederretako ikasketak burutu zituen Maia Kurutxet kusiarekin.

Sylvie Doxaranek Parisen prêt-a-porter arropa egiten zuen enpresa batean lan egiten zuen, baina herriminari erantzunez sorterrira bueltatu zen eta bere senarrarekin batera euskal arropa marka sortu zuen. Bost komertzial, bost langile eta bi dendariekin abiatu zen Xibiouz Donibane Garazin.
Pariseko garaiak baliatuta Sylvie eta bere senarra Cédric azokaz azoka ibili ziren eta hastapenetik munduari begira ezarri zen sorgina bat ikurra zuen marka. Besteak beste, Xibiouzek Pariseko nazioarteko "Who's next" saloinera eraman zituen bere diseinuak "Euskal Herriko modaren tokia geroz eta handiagoa dela erakusteko".
Xibiouz aski fite garatu zen. Lehenik Garazin eta ondoren Baionan idekitako denden gehigarriz gaur egun 180 goiti salmenta tokitan banatzen da jantzi moda baxenafarra.

Haren lehen urtean 3000 pieza ekoiztu zituen Sylviek sortu markak, eta bi urte beranduago 10 000 merkaratu zituen. Jantzien irudikatzeko sorginak, sorginkeriak eta haren jatsa hartu zituen oinarritzat Xibiouz markak. Web orrialdea garatu ostean web irratia ere sortu zuten, radiosoubiouz.com.

Emazteendako arroparekin abiatu zen marka, baina geroztik publikoa zabaltzera jokatu zuen. Gizonentzat arropa egiteaz gain apaingarriak ere saltzen ditu (boltsak, gerrikoak...).

Garazi aldetik Biarritzera
2010ean Uharte Garazin zituen bulegoak utzi eta Biarritzen ezarri zuen bere egoitza jantzi-markak. Ondoren, Garaziko denda tokiz aldatu zen. Trinkete plazan zuen denda itxi eta Elizaren karrikan plantatu zen Xibiouz. Hortaz gain, internet bidezko salmenta etengabe indartu du marka garaztarrak.

Baionako Merkataritza Auzitegiak harturiko erabakiak harridura sortu du. Joan den azaroan Xibiouz-eko zuzendaritzak  hurrengo kolekzioaren aurre aurkezpena egin zuen.

Era berean, azaroa aldera, bere betiko publikoari -barnealdeko emazteer- egokitutako salmenta errandoia burutu zuen. Arrakasta handiz gainera ( hemen bideoa ).

Berez, bilduma berria heldu den udaran gauzatzeko zen.    ( Hemen 2012ko uda bildumaren karietara eginiko prentsa dozierra, pdf-an ).  Nehork ez zuen pentsatu orduan egoera zailean zela Baxe Nafarroako diseinu marka.

Egitasmoa handitzeko inbestisamendua
Hori, bai, marka Biarritzera joan ondoren zabaltze operazio handian sartua zela ezaguna zen. Produktu gehiago egiteko parioa, estilista berriak, barneko egituraketa aldatzeko prozesua... Horiek guztietaz mintzatu zen Sylvie Doxaran orain dela urtebete "Pays Basque Actus"-eko Frank Audonnet-ekin.

Proiektu berriak aitzina eramateko  180 000 euro inguruko inbestisamendua behar zutela azaldu egin zuen Xibiouz-eko sortzaileak. Diru hori biltzeko formula azaldu zuen: kapitala idekiera abian jartzea Herrikoa-ren bidez eta kredituak ahal zen eta interes tasa baxuenetan lortzea.
"Ezin ditugu laguntza publikoak jaso gure bildumak Portugalen ekoizten ditugulako" aitortu zuen Sylvie Doxaranek.
Erakunde publikoen laguntzak eskuratzeko prototipoak bederen estatu frantsesean bertan egin behar dituzte enpresek. Moda sektoreko marka ezagunek horrela jokatzen dute laguntza publikoak ziurtatzeko. Nahiz eta jantziak estatu frantsesetik kanpo -eta sarritan Europako Batasunetik urrun- ekoizten dituzten. Prototipajea egitea, ordea, ezinezkoa izaten da jantzi-enpresa tipientzat oso karioa baita.

Mezua facebook-en
Hutsetik hasita milioi bat fakturatzera heldu da Xibiouz. Izan ere, "arrazoin ekonomikoak" aipatuz, joan den urtarrilaren 23an, Baionako Merkataritza Auzitegiak Xibiouz taldea likidazio judizialpean ezarri du eta horen ondorioz sei langile karrikan gelditu dira.

Erabaki hori hartu eta biharamunean, "Xibiouz-en abentura gelditu egin dela" iragarriz mezu bat agertu zen "Xibiouz la X-team"ean. Alta, orain arte ez da ezagutu sorginaren marka desagertzeko arriskuan zelarik.

KAZETA.INFO markaren ordezkari batekin harremanetan sartu da eta azken hurak abstraktuki esplikatu duenez, "Xibiouz-en arduradunok hartutako erabaki pertsonala bat da eta gelditze hau, gutariko bakotxak artu dituen bide ezberdinen ondorio bat da". Ez du, beraz, argitu, dendak itxiko dituzten eta, bereziki, ez du zehaztu geroari begira euskal modan bere tokia hartu zuen sorginaren markak segitzeko asmoa duten.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi