Barkoxeko burasoak mobilizaturik euskarazko irakasle postu erdi bat mehatxaturik baita

Argitaratua: 2012-02-07 12:00:44

23 ikasle ditu Barkoxeko eskolak. Irudian, badira hiru urteko sartzean harturiko argazkia.

Heldu den sartzerako Barkoxeko eskola publiko elebiduneko ikasleen kopurua 25tik 23ra pasako denez euskarazko postu erdi bat desagertzeko zorian da. Egoeraren salatzeko, ikasleen 10 bat burasok egoitza okupatzen dute gaur. Kentze hau gauzatzen balitz, azken lau urteetan gertatu diren hirugarren murrizketa liteke, aldi oroz postu erdi bat axolatua izan delarik. Gaur egun, bi denbora osozko irakasle dira ikastetxean, bat euskarazkoa eta bestea erdarazkoa.

Hiru haur Barkoxen eskolaturik dituen Fabienne Biscaye burasoak salatu duenez "elebitasuna eta zerbitzu publikoak landatar eremuetan sakrifikatuak dira. Eskola atxiki behar dugu herriak erakartasuna ukan dezan". Datorren sartzerako, 23 ikasle izanen dira eta haietarik 18 sare elebidunean.

"Postu erdiaren murrizketa gertatzen balitz, egun erdi batez frantsesezko irakasleak zortzi maila ezberdinetako 23 ikasleei kurtsoak eman beharko dizkie. Talde haundia da eta jakinez maila guziak bilduak izanen direla irakasleari zaila izanen zaio ikasle bakotxari egokitutako ikasgaiaren zuzentzea" gaineratu du Fabienne Biscayek.

Luzaran, herriko eskola publikoaren geroa mehatxaturik dela beldur dute burasoek azken lau urteetako hirugarren murriztea izanen baita. Gaur egun diren euskarazko eta frantsesezko bi denbora osozko postuetatik euskarazko erdi bat desagertzeko zorian da. Auzoko herrietan diren beste ikastexe hurbilenak Eskiula edo Sohütakoa litazkete.

Hamar bat burasok gaur eskola okupatzen badute ere ortziralean ekimen garrantzitsu bat burutuko dutela jakinarazi dute zehaztu gabe zer izanen den. Barkoxekoaren gehigarriz, Maulen, Urdiñarben eta Muntorin ere frantsesezko postu batzuk mehatxaturik dira ere.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi