Batasuna: "Aldaketa politikoaren norabidea jokoan da igandean"
Xabi Larraldek eta Jean-Claude Agerrek prentsa aurrean azaldu dute, gaur goizean Baionan, Batasunak heldu den igandean izanen den bozketaren kari egiten duen irakurketa. Funtsean, "euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duen aldaketa politikoaren norabidea" erabakiko dela hauteskunde horietan azaldu dute. Lizarra-Garaziko hitzarmenak ezarritako oinarriak bermatuko dituen aldaketa aitzineratzeko bidean D3M-ri bozka ematea "berebiziko garrantzia" duela defendatu dute, ondoren, Batasuneko mahaikideek.
Maite UBIRIA / BAIONA
Agerrek azaldu duenez, martxoaren leheneko bozketan ez da erabakitzen soilik Gasteizko legebiltarraren osaketa, baizik eta horren ondoren Euskal Herrian gertatuko den "aldaketa politikoaren norabidea". Batasuneko mahaikidearen ustez, Lizarra-Garaziko hitzarmenaren ondotik, "benetako aldaketa politikoak" hiru osagai nagusi ditu: erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta marko-politiko berria.
Bere erranetaz, ezkerreko independentistak hauteskunde lehiatik kanpo utziz, "gatazka politikoaren aterabidea ahalbidetuko lukeen funtsezko aldaketa politikoa oztopatu nahi izan dute".
"Ideien apartheid-aren ondorioz" bi aukera nagusi marrazten direla azaldu dute Batasuneko ordezkariek. Laburbilduz, "lehenak independentziara bidea zabaltzen du eta bigarrenak, EAJ-PSEren eskutik, estatutu garaiaren errefundazioa ekarriko du", azpimarratu dute.
Xabi Larraldek gaineratu duenez, "negozioak defendatzea eta marko zaharra iraunkortzea" lirateke bi alderdi horien artean Batasunak aurreikusten duen paktuaren helburu nagusiak.
Europan ez ezik mundu mailan parekotasunik ez duen ez ohiko egoera bizi dela Espainiako estatuan gogora ekarri du Larraldek, eta horren ondorioz NBE bezalako erakundeak "oinarrizko eskubide politikoen zapalketa" salatzera iritsi dela gaineratu du.
"Sasi guzien gainetik, ezker abertzaleak aldaketa motorearen papera jokatzeko bere engaiamendu osoa gordetzen duela" eta "erabakitzeko eskubidean oinarrituriko konponbidearen alde lan egiten segituko duela" azpimarratu dute Batasuneko bozeramaleek.
Agerraldiaren amaieran, botopapera bana erakutsiz, D3Mren zerrendak bozkatzeko deitu egin dute.
Komentarioak
Amesti
2009-02-27
"Garaziko hitzarmenak ezarritako oinarriak bermatuko dituen aldaketa aitzineratzeko" (???). Aurpegia behar da gero!! 10 urtez Lizarra hautsi eta ahustura hori justifikatzen egon eta gero orain berriz "oinarrietara" itzuli? Ez da hain aspaldi Otegik berak "Lizarra iragana da" erraten ibiltzen zen ezker eta eskuin...
Arrazoin duzue egoera biziki larria dela diozutenean, bai zuentzat eta bai EH osoarentzat ere, baina nik ezin dut burutik kendu zuek ere erantzunkizun handia duzuela hortan.
Ni behintzat ez naiz amnesikoa.
Mikel Durangokoa
2009-02-27
Ni ez naiz amnesikoa ere, baina nire aburuz, artikuluan eta bere garaian Otegik esandakoak ez du ezer ikusirik zuk aipatzen duzuna, Amesti, alegia, argi dago Lizarra-Garazi akordioaren ildoa bertan behera geratu zen, batez ere, jeltzaleek atzera pausoak eman zituztelako etengabe, batez ere, Imazen agindupean; baina nire ustez, Lizarra-Garaziko mamia bere horretan jarraitzen du. Agian, Euskadiko hautezkundeak pasa eta gero, berrezkuratuko dute abertzale aderdiek (PNV izan ezik)orduan denen artean eskuratutako gutxieneko akordioak eta aurrera eraman herri honetako eskubideak eta ametsak.
Euskaldun berri naiz, beraz akatsik badago, barkaidazue.
amesti
2009-02-27
Hemerotekak hor daude zer eta nola gertatu zen ikusteko (eta ez dut jeltzaleen fede txarra dudan ezartzen) Baina Lizarratik honera gure mugimendua, ezker abertzalea, noraezean dago, proiektu argirik gabe, eta PNV-ri aldiz gauzak ezin baino hobekiago atera zaizkio. Hori ere noizbait hausnartu beharko dugu ezta? ... Momentua agian ez da kritika destruktiboa egiteko, baina aintzina segiteko beharrezkoa da iraganeko akatsak errekonozitzea (edo gutxienez ez erripikatzea).
Mikel Durangokoa
2009-02-27
Ezker abertzalea noraezean dagoela eta proiekturik eza baieztatzea ez dut uste zuzen denik, alegia, dudarik gabe, ezker abertzaleak pairatutako errepresioa oso gogorra da, "a por ellos" esaera famatua indarrean eusten dute Espainiako indarrak eta instituzioak. Hori dela eta, zaila izaten da garai hauetan benetazko abertzale politika egitea edo, behintzat, ezker abertzaleok nahi eta behar duen jarduera politikoa: atxilotuak, isunak, mehatxu juridikoak, diruen bahituta (kontu korronteak), eta abar. Panorama honekin politika egitea ezinezkoa da, hain justu "espaņolistak" egitera behartzen gaituztena. Beraz, nik ziurtatuko nuke Espainiar Estatua nahi duena da gu lekuz kanpo uztea eta Euskadin esatea abertzaleok edota independentistak ez daukatela ez proiekturik ezta etorkizunik ere.


- 


