Baxoa euskaraz egin ahal izan arte "irmo" jarraituko duela oharrarazi du Seaskak
Hogei urte igaro dira Ikastolen sarean ikasten zuten haurrek lehen aldiko Baxoa azterketa pasa zutenetik. Ospakizun hori baliatu du Seaskak berriz ere azterketa hori euskaraz izateko aldarrikatzeko. Horretarako iragan larunbatean hogei urteotako belaunaldi ezberdinetako ikasleak bildu ditu agerraldi batean.
Ainize BUTRON
2008ko urtarrilean Euskararen Erakunde Publikoaren baitan, ikuskariak eta errektoreak aho batez euskararen eta euskarazko hezkuntza egituratze kualitatiboaren norabideak onartu zituztela gogorarazi du Seaskak prentsaurrekoan.
Norabide horiek onartzean, azterketentzat neurri egokiak bidean emanak izan daitezen, eta bereziki, euskaraz Baxoa pasatzea aholkatu zuten. Geroztik, ez denez aitzinamendurik izan, ozenki aldarrikatu zuten Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea.
Horrekin, Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak berriz ere mahai gainean jarri zuen aurreko hilabetean "azterketak oztopatzeko" egin zuten mehatxua.
"Parean mugitzen ez badira, gu mugituko gira", esan zuen Gorostiagak Etxepare lizeoan eginiko elkarretaratze kari. Larunbateko agerraldi jendetsuarekin erabaki horrekin irmo jarraituko dutela erakutsi nahi izan dute Seaskako ordezkariek.
Sinadura bilketa
"Biharko mediku, arkitekto edo hiru sareetako euskarazko irakasleak Seaskatik aterako" direla gogoraraziz jarraitu zuen, eta "errespetu eta ezagupen" handiagoa merezi dutela nabarmendu dute.
Egungo Bernat Etxepareko ikasleek parte hartu dutegerraldian, eta, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Internet bidez sinadura-bilketa kanpaina abiatu dutela jakinarazi dute.
Azkenik, Seaskaren sarean aritutako ikasle ohiek larunbateko ekimena baliatu dute datorren martxoaren 31n Baionan iraganen den Deiadar manifestaldian parte hartzeko deia zabaltzeko. Ekimen horretan, euskararen ofizialtasuna eskatzeaz gain, euskarazko Baxoa izateko aldarrikapena ere eginen dute.
Komentarioak
xantxo
2012-02-26
Etxepareko ikasleak sostengatzeko, petizioa izenpetu hemen (lotura ez badabil, kopiatu eta kolatu):
http://www.petitionduweb.com/Petition_baxoa_euskaraz-11003.html
Bizkaitar
2012-02-26
Eskerrik asko Seaska egiten dozun lanagatik.Euskal Herrixa ez da inoiz desagertuko!!!!!!!!!!!!!! Eutsi Euskara!!!!!!!!


- 


