Berriak munduko hedabide nagusietan zabalpen handia hartu du
Igande eguerdia ez da «prime time»rako ordu aproposa. Internet garaian ere, besta egunak bere eragina izanen du kazetaritzan. Baina BBC, ai BBC!, itzal handiko bozgorailua da, eta minutu batzuk soilik behar izan zituen «britainiar erraldoiak» ETAk egindako adierazpenaren oihartzuna mundu zabalerat eramateko. 20 bat minuta baino gutxiago eman zituen AFPk, beste hainbeste denbora Reuters-ek... Berri agentziak berehala ohartu ziren berriaren garrantziaz. Ildo beretik, CNN telebista, "Le Monde", "The New York Times" (Estatu Batuetan goizeko 6.41etan zirela jaso zuen urgentziazko berria !), Al Jazeera kate arabiara, "La libre Belgique", Portugaleko "Expresso", Alemaniako "Stern", Britain Handiako "The Guardian"... bata bestearen atzetik mundu osoko hedabideek bere igandeko agenda aldatu zuten.
Maite UBIRIA
Irailak 5a, igandea, 12.00aak ttanko. Aperitifa ordua. Edo, nahiago baduzue, Kontxako banderarako lehen txanpa.... Hori zen, euskal hedabide gehienentzat, baita euskal herritar askorentzat ere, eguneko menua. Izan ere, aktualitateak ziaboga azkarra egin du, batzuen lan egitasmoa eta besteen atseden eguna itxuraz aldatuz.
Egun eta tenore horretan, BBC britaniar kateak ETAk igorritako adierazpena aipatuz erakunde armatuak su-etena eman zuela iragarri zuen. "Gara"k handik minuta gutxitara eman zuen idatzia irakurrita zehazkiago hauxe eraten du ETAk: badira hilabete batzuk eraso ekintza armatuak ez egiteko erabakia hartu duela. Bir maneran, prozesu demokratikoa garatzeko bere prestutasuna agertzen du. ( Hemen adierazpena osorik).
"El Pais"-en iraakurketa lasaia...
Igande eguerdia ! Berdin dio. "El Pais" egunkariak albistea jaso du berehala, baita agiriaren urgentziazko itzulpen bat eskeini ere. Era berean espainiar bere iritzi-emale nagusiek egunean zehar berria aztertuko dutela iragarri du.
ETAk urrats bat eman duela aitortzen du espainiar gobernuaren ezin gertuago dagoen kazetak. Akabo "su-eten tranpei" buruzko bapateko erantzunak, Barne Ministaritzak zuhurtziaz jokatzea gomendatzen du.
Berria espainiar hedabide gehienetan toki handia hartu du berehala. Euskal Herriko prentsan zer esanik ez. Euskal hedabide publikoak, ordea, motel xamar ibili dira, eta lehen kolpean -EiTB bezalako baliabideak dituen komunikazio talde batek horrelakoetan jokatzen ditu bere sinesgarritasuna- kale egin dute. "Rafaga" azkar eta lerro batzuekin bete dute hutsunea... Baina hori, igande berezi batean, ez da aski. Are gehiago, "Gara" lehenik, eta berehala Euskal Herriko gainerako hedabideek berria sakontasunez jorratzen zutenean dagoeneko beren webguneetan.
Estatubatuarrak esnatu dituen berria
Izan ere, BBCk nazioarteko eremuan ezarri du pilota Kontxako igande huntan, eta pilota-leku horretan eman diren lehen mugimenduak azpimatzera goaz. Zer egiten du estatubatuar batek igande batean goizeko 06.41ean ? Lo egin. Hala ere, ordu ez eroso horretan dagoeneko CNNk urgentziazko albistea jasotzen du bere interneteko edizioan. Hauxe media telebista boteretsu horrek jaso zuen lehen titularra: Basque separatist group ETA releases ceasefire statement Sunday to various media.
"Basque Separatists ETA Announce Ceasefire: Gara". Izenburu horren azpian -eta Reuters berri agentzia iturri bezala hartuz- jaso du, bestalde, "The New York Times" egunkariak Britain Handiko telebista publikoak aitzineraturiko berria. Associated Press agentziak zabaldutako depetxa baliatuz "The Wall Street Journal" kazetak Euskal Herriaren geroa aldatzen lagundu dezakeen notizia finantza mundurat eraman du.
Europara itzulita, BCCk zabaldutako albistea jasotzeko 17 minuta eman dditu soilik AFP frantziar agentziak. Bere atzetik, bata bestearen ostean, frantziar komunikabide nagusiek hartu zuten berria.
Diplomazia mailan hedabide eraginkorretarikoen artean agertzen den "Le Monde" egunkariaren edizio digitalak lehen berria eman zioen erakunde armatuaren adierazpenari. Haren ondotik, "Le Figaro" eta dezente beranduago "Liberation"en atzeman dugu. Internet-eko eremuari begira, edonola ere, "20minutes" digitalak bapatekotasunaren lehia aise irabazi zuen.
Europan, bistan da, berriak interesa piztu du. BCC telebista-irrati kateaz gain, "The Guardian" egunkaria britainiarrak ere toki handia eskeini dio albisteari. "Al Jazeera" arabiar telebistak ere, bere ingelesezko edizioan bereziki.
Zerrenda luzeegia litzateke. Izan ere, batzuk soilik aipatzearren Portugaleko "Expresso" egunkariak, "La libre Belgique" kazetak, Alemaniako "Stern" kazetak, eta Italiako "Il Corriere della Sera"k, besteak beste, arreta eskeini diote euskal herritarren igandeko aperitifari giro berezia eman dion albisteari.





