Bertze urtebete Popo Larreren berririk ukan gabe
Jean-Louis Popo Larre 1983ko agorriralen 7an desagertu zen Landesetako Leon kanpinean Iparretarrak erakunde armatuko militanteek Frantziako jendarteekin izandako tiroketa baten ostean. Geroztik nehork ez du ikusi gazte heletarra. 26 urte betetzen dira gaur Larre desagertu zenetik, eta urtemuga berri honen karietara Allande Sokarros kazetariak artikulu berezi hau argitara eman du Larreren lagunek eta senitartekoek pausatzen duten galdera, "Nun da Popo " , lau haizetara zabaltzeko balio duen blogean.
Bere artikuluan Allande Sokarrosek iazko agorrilaren 7an, Jean-Louis Popo Larreren desagerketaren 25. urtemuga kari Heletako aterbe pilota plazan laurrehun inguru lagunen presentziaz eginiko omenaldia gogora ekartzen du. Geroztik "Nun da Popo ? " galdera aitzinean isiltasuna nagusitu dela nabarmentzen duelarik. Poporen lagunek 25. urtemugaren kari zabaldutako blogean bi hamarkada luzetan espero eta lortu ez duten erantzuna ez dela etorri aitortzen du, kezkati, kazetariak. Bir maneran, "mezulari" bik eginiko iruzkinak izanen ditu aipagai bere erantzuna emateko.
Iazko agorrilaren 7ko gaualdian, Heletan, Autonomia Eraiki izenean Xan Coscaratek hauxe erran zuen: "Bada 25 urte xuxen desagertua dela bainan geroztik ez dugu sekulan ahantzi nahi zein ziren beren herriaren alde ametsak".
Orai dela urtebete egin bezala, Sokarrosek hauxe azpimarratzen du: Poporen familiak eta borroka lagunek ez dutela errudunak edo mendekua sekatzen. Gizatasuna aitzinean ezarriz, bere itxaropena berresten du kazetariak: "egun batean, norbait, bere konzientzia eta bihotzari segituz, isiltasuna hautsi eta benetazko informazioak emanen duela gazte heletarraren aztarna atxemateko" azaltzen du blogean idatzitako artikuluan.
Azken oharra gisa, joan den apirilaren 18az geroztik desagertuta dagoen Jon Anza ETAko militantearen kasua gogora ekartzen du Sokarrosek, "estatu terroristez, polizi barbuzaz eta mertzenarioz beteriko iraganeko itzal beltzak" etorri berriaren aurka oharrarazten duelarik.
(Ikus: Heletako ekitaldiaren argazki galeriak flickr-en )
(Ikus: Heletako ekitaldian Gabi Mouescak eginiko mintzaldia. bideoa )
Komentarioak
Ekaitz
2009-08-07
Nun da Popo?
Nun da Jon?
zenbat urte... zenbat galdera...
noiz helduko dira erantzunak?
HERRIAK BIZI BEHAR DU!
Le plébéien bleu
2009-08-09
Milesker zure artikuluarentzat. Biziki ongi egina eta osoa. Alta, ohartu naiz bideoa lotua ez duela kurritzen...


- 


