Besteak beste hauteskunde estrategia izan du aztergai ABk Makean eginiko udako unibertsitatean
Abertzaleen Batasunak bere udako unibertsitatea ospatu du joan den asteburuan Makean. Bertan, gori-gori diren gaiak aztertzeaz gain - lurralde antolaketaren erreforma, erretreten egitasmoa, garraio eredua... - heldu den hauteskundeetara begira koalizioaren estrategia aipatua izan da. Edonola ere gai horren karietara azken erabakia ABk urriaren 23an ospatuko duen biltzar nagusian hartua izanen da.
Alderdi Sozialistarekin ABk izan dituen harremanek zer esana eman dute hedabideetan azken asteotan. Horren karietara gogoeta egiteko parada ukan dute Makean bildutako koalizio horren militanteek.
«Azkenaldian prentsan izan den zurrunbiloa eta gero, hurrengo hauteskundeei buruz barne gogoeta burutzeko mementua izan dugu Makean. Idurikoz, lehen itzulian Alderdi Sozialistarekin aliantza egiteko aukera ez da aski ondo ikusia, Euskal Herria Bai-ren aldeko proposamenak, edo Berdeetara zabaldutako koalizioaren alternatibak, sostengu handiagoa dutela», azaldu du Peio Etxeberri-Aintxart-ek "Le Journal du Pays Basque" kazetan.
Edonola ere bozketa estrategia heldu den urriaren 23an eginen duen Biltzar Nagusian aztertuko du ABk.
Etxeberri-Aintxartek nabarmendu duenez, udako unibertsitatearen bilana aski positiboa da. Zazpi atelier egin dituzte eta gutxienez 20 bat militantek parte hartu dutela lan talde bakotxan gaineratu du ABren bozeramaleak.
Hiru egunen zehar, lurralde antolaketaren erreforma, erretreten egitasmoa, garraio eredua.. eta orohar gaurkotasun handiko bertze dozierrei buruz gogoeta egiteko parada ukan dute Abertzaleen Batasuneko ordezkariek. Beste tamainako gogoeta ahantzi gabe: ERC-eko ordezkari baten laguntzaz Catalunyan egin dituzten herri galdezketei buruzko informazio zehatza hartu baitute Makean bildutakoek.
( Irakurri "Berria" kazetan Jenofa Berhokoirigoin kazetariak Peio Etxeberri-Aintxarteri eginiko elgarrizketa )





