Sei lagun libre atera dira bart eta bertze 5 gazte atxikitzen ditu beti Poliziak

Argitaratua: 2009-07-01 11:11:24

Joan den larunbatean atxilotu zuen Poliziak Xan Beyrie gaztea Kanbon eta bart kontrol judizial pean libre atera da Parisetik. Beste bost gazte kargurik gabe utzi dituzte bart. Aldiz, bost lagun oraindik inkomunikazioan atxikiak dira astelehen goizaz geroztik. Larunbataz geroztik egunero elgarretaratzeak antolatzen dira atxilotuen askatasuna galdegiteko eta jende ainitz biltzen dira egunero.

Larunbatean bere neska lagunarejin erosketak egitean atxilotu zuten Xan Beyrie kanbotarra libre utzia izan da bart bost egunez inkomunikazioan egon ondoan. Pauetik Parisera eraman zuen Frantses poliziak eta kontrol judizialpean libre atera da handik.

Pirinio Atlantiketako departamendutik ezingo du atera Xanek eta astean behin komisaldegira izenpetzera joan beharko da.

Atxiloketa bortitza izan zen eta gazteak kolpe handia hartu zuen aurpegian. Atxiloketa burutu ondoren, Poliziak gaztearen burasoen etxea miatu zuen.

Xan Beyrieren askatasuna aldarrikatzeko elgarretaratzea egin zuten Kanboko Intermarcheko itzulgunean larunbat arratsean bertan. Egunera Askatasunak deiturik 100 eta 200 pertsona artean bildu dira Xanen askatasuna galdegiteko eta "errepresioari stop" errateko.

Beste bost lagun oraindik komisaldegian
Bera bezala, beste bost lagun libre atera dira atzo Baionako komisaldegitik. Hala nola, Harri Idoate (Ainhoa), Joseba Agirrebarrena (Ibairen aita), Orkatz Arano (Beskoitze), Aritz Ortino Etxebeste eta Txomin Catalogne (Suhuskun) dira kargurik gabe libre utziak izan direnak.

Aldiz, Gilen Goiti (Baiona), Ekhi Erramundegi (Baiona), Eneko Etxegarai (Heleta), Ibai Agirrebarrena (Bidaxune) eta iheslari politikoa eta Batasun kidea den Jon Goio beti inkomunikazioan atxikiak izaten segitzen dute.

Atxiloketak salatzeko egunero mobilizazioak egiten dira. Atzo, 200 bat pertsona bildu ziren Baionako komisaldegi aitzinean eta 170 Kanbon eta Larzabalen. Gaur ere, azken bosten berririk ez bada eskuratzen elgarretaratzea egonen da.

Segiren agerraldi masiboa Baionan: manifestazioa uztailaren 11ean

Bestalde Segi gazte erakundeak operazio honen karietara agerraldia egindu goiz huntan Baionan. 60 bat gazte azaldu dira prentsa-aitzinean. Azken polizi operazioan atxilotutako gehienak Segi-ko kideak nabarmendu dute eta gazteen kontra Estatu frantsesak garatzen duen «estrategia errepresiboa» salatu dute irmoki.

«Eraso hauek min egiten gaituzten arren, gazte mugimenduko dinamikarekin aitzina jarraitu beharra dugu, Bai era eraso hauen bidez hurbiltzen diren gazteak bidelagun bilakatu eta dinamika indartu» azaldu dute.

Honez bestez, uztailaren 11ean arratseko 5etan Donibane Lohizunen eginen duten manifestazioan parte hartzeko gomita luzatu dute Segiko gazteek.

Abertzaleen Batasuna (AB), bere aldetik, Ipar Euskal Herrian iragan den azken polizi operazioa salatu du prentsa-ohat baten bidez. «Jadanik, egoera nahasia izanez, instituzio eta hizkuntza arloetan erantzunik gabe gaude. Ahantzi gabe, Jon Antza aferan dauden kontraesanek, egoera politikoak ez zuen beste beharragorik, operazio honekin» azaldu du ABk.

Abertzaleen Batasunak berriro ere dio «euskal arazoa ez dela errepresioaren bidez konponduko, baina herritarrei hitza emanez, gaurko erronka handi batzuen inguruan kontsulta baten bidez». Hori adierazi eta gero, «lehenbailehen arrastatuak izan diren pertsonak libratuak izan daitezen».

Batasuna alderdiak ere errepresioaren bidea salatu du. Autonomia Eraiki kolektiboak Euskal Herriaren eraikuntzan parte hartzen duten iparraldeko gazteen kontrako beste sarekada bat gehiago dela salatzen du. "Eraso hauekindar guzien beldurrarazteko saiakera dira eta bereziki gazteria, ipar Euskal Herriako manifestazioetan agertzen dena" dio.

Poliziaren eskalada eta errepresioaren areagotzeak Euskal Herriko gatzaka politikoa areagotzen duela dio eta jon Anza militantearen desagerketa ekarri duen gerla zikinaren beragerpena salatzen du Autonomia Eraiki Kolektiboak. Azkenik, atxiloturik izan diren militanteei bezala haien senide eta lagunei beren elkartasun osoa adierazi dute.

(Irakur ere: Jon Goio militante abertzalea atxilotu zuen atzo Poliziak )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi