Bi golf-en aurkako erasoak egin dituzte eta "Euskal Herria ez da salgai" leloa idatzi dute

Argitaratua: 2009-07-29 14:14:12

Lapurdiko kostaldean, bi golf zelai eraso dituzte bart gauean. Xantako eta Urdazuriko golfetan belardiak aitzurkadaka izorratuta agertu dira gaur goizean eta “Euskal Herria ez dago salgai” margoketak agertu dira sabotajea jasan duten Lohitzuneko eta Ziburuko golf horietan. Joan den astean Azkaineko bidean dagoen Xantako golf eremuan etxeko lehergailua indargabetu zuen Poliziak.

Bart, ordea, Lohizuneko Xantako auzoan kokaturik den golf klub horretan eraso berria gertatu da. Aitzurkadaz green batzuk hondatu dituzte. Gisa berako erasoa gertatu da Donibane Lohizuneko Urdazuriko golf zelaian. Azken hilabetetan beste bi golf eremutan (Basusarriko «Mahkila» eta Angeluko «Xiberta» golf zelaietan, hain zuzen ere) antzeko erasoak pairatu dituzte.

Xantako auzoan kokatzen den golf eremuak 18 green ditu eta horietatik 6 pikotxez zulatuta agertu dira. Erasoa bart gauean gertatu dela baieztatu du gaur goizean Camille Lacoste, Xantakoko klubeko lehendakariak. Iduriz atxurra baten laguntzaz zuloz bete dituzte green-ak. Bestalde, Ziburuko auzoan kokaturik dagoen Urdazuriko golf eremuan gisa berako erasoa gertatu da. 12 bat green-etan zuloak egin dituzte.

Chantaco golf eremuan "Le pays basque n'est pas à vendre" ("Euskal Herria ez da salgai") leloa margotua utzi dutela azaldu du AFP ajentziak.

Chantaco-ko golfean etxean egindako lehergailua indargabetu zuen Poliziak joan den uztailaren 23an. Eraso horren ostean, Baionako PJak (Police Judiciaire ) inkesta zabaldu zuen, beti ere Pariseko «terrorismoaren aurkako» sekzioarekin elkarlanean.

Poliziak azaldu zuenez, Chantacoko golfean utzi zuten lehergailu tipia eta 2008ko abuztuan Arrangoitzeko turismo bulegoan eta "Pierre et Vacances" bakantza erresidentzian ezarri zituzten bonben artean parekotasunak omen daude. Eraso horiek Irrintzik hartu zituen beregain.

Bestalde, joan den udaberrian beste bi golf-etan erasoak izan ziren. «Xibertako golfa» (Angelu) eta «Makhilako golfa» (Basusarri-Baiona ) altxur zuloz beterik agertu ziren.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi