PS, Europe Ecologie eta Front de Gauche arteko akordioa egina da eta Front National-ek umezurtz utziko du Darcos

Argitaratua: 2010-03-16 14:42:09

Gaizka IROZ argazkia.

Azkenean hiru hautagai izanen dira heldu den igandean ospatuko den Eskualdetako Bozketako bigarren itzulian. Alain Rousset sozialista eta UMPko Darcos-en artean Jean Lasalle zentristak eskuindarren alde ez duela eginen eta lehiari atxikiko diola baieztatu du. PS, Front de Gauche eta Europe Ecologie artean akordioa egina da. 10 hautagai postu bermatuko dizkiete sozialistek berdeei eta 5 Front de Gauche-ri.

Roussetek abantaila guziak izanen ditu heldu den igandean. Front de Gauche eta Europe Ecologie alderdiak bere aliatu naturalak ditu. Lehen indarrarekin oraino akordiorik ez du erdietsi. Alta, ekologistekin gaur bertan izenpetu dezake akordioa. Gutxiagatik bada ere, bozen %10eko langatik behiti gelditu ostean negoziatzeko indarra galdu du Europe Ecologiek.

Azken berrien arabera, 10 kontseilari gai postuen truke sostengua emanen diote ekologistek AHT berriaren babesle sutsua den hautagai sozialistari. Dirudienez, Pirinio Atlantikoetako bi kontseilari gai ferde izanen dira: David Grosclaude okzitandarra eta Alice Leiciagueçahar euskalduna. Jardungo erregio kontseilaria den Jean Lissarrek ez luke, akordio horren arabera, kadira bermaturik. Bestalde, AHT kari adierazpena negoziatzen ari dira sozialistak eta ferdeak. Txosten independentea galdegiteko ados omen dira.

Front de Gauche-ren kasuan, bost kontseilari gai bermatuak lituzkete, horietarik bi Pirinio Atlantikoetakoak -biarnasa biak-.

Zentristen mugimenduak
Eskuin aldean gauzak zailago ditu UMPk aliantzak burutzeko. Modem-eko burua, Jean Lassallek, bigarren itzulian izanen dela baieztatu ondoren, keinuak egin dizkio janeko PNBri.

Jeltzaleek 7 030 bozka lortu zituzte lehen itzulian, eta Jean Telletxeak, bere zerrenda buruak gaur prentsaurrea eman du Donibane-Lohizunen, Iñigo Urkullu EBBko burua ondoan zuelarik.

Agerraldi horretan PNBk mahaigainean ezarritako lehentasunak gogora ekarri ditu hautetsi urrunarrak: bereziki garapen ekonomikoa lehenetsi eta erabakiak Ipar Euskal Herrira hurbildu garapen bulegoa sortuz; euskal lurralde elkargoa sortzea; euskarari aitortza ofiziala ematea.

Bigarren itzulian gelditu diren hiru hautagaiei eskua luzatu diete, eta "beren proposamenak" entzun ondoren soilik "erranen diegu gure hautesleei nola jokatu heldu den igandean".

Emaitzak ikusita, "urte zailak izan ondoren, PNB presente egin dela Iparralden" azaldu du Urkulluk. Jean Telletxeak nabarmendu duenez "errealismoaren apostuak" arrakasta ukan du eta aitzina begira "kantonaletan bakarrik aurkeztea aurreikusten dute". Edonola ere zabalik direla beste indar politikoekin hitzegiteko nabarmendu du "Euskadi Europan" hautagaitzaren zerrenda-buruak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi