Bizi! mugimenduak txirrindularen erabilpenari buruzko herri diagnostiko bat eginen du
Lapurdi osorako 40 kilometroko txirrindula bide baizik ez da gaur egun. Gabezia hori kontuan harturik, eta txirrindula garraio motari behar zaion garrantzia ematea eskatzeko Bizi! mugimenduak txirrindulari buruzko herri diagnostiko bat bideratzea erabaki du. Ekaina bitartean, Baiona, Angelu eta Biarritze herrietan txirrindularen erabiltzaileengana hurbilduko dira galdezketa bat egiteko xede.
Ainize BUTRON | BAIONA
Txirrindulariek dituzten usaien karietara galderak pausatzeaz gain, garraio mota hori baliatzerakoan aurkitzen dituzten arazoak ezagutu nahi dituzte Bizi-ko kideek.
Web gunearen bidez edo eskuz esku zabalduko dituzte galdeketak. Behin emaitza guztiak eskuratu eta, emaitzak BAB herri elkargoan garraio publikoa kudeatzen duen SMTC egiturari helaraziko dizkiote.
«Hainbat komisio ditugu Bizi-ren barnean, eta horietariko batean txirrindula garraioa aztertzen da. Galdeketa horretatik at, lan sakon bat bideratzen ari gara. Oso zaila da eguneroko bizian txirrindulaz ibiltzea», erran dute mugimenduko kideek.





