Konponketa lanak EiTBren egoitza barruan eta langileen elgarretaratzeak kalean
Joan zen asteazkenean EiTBren egoitzan nagusian eta baita alboko hainbat enpresetan ere leherketak eginiko kalteak baloratzeko eguna da gaurkoa. Bestalde, ELA sindikatuak eginiko deialdiari erantzunez, EiTBko langileak, bere ondoan ordezkari politiko zituztelarik, elgarretaratzeak egin dituzte.
Irrati zein telebistara emeki-emeki normaltasuna itzuli da. Bami eraikinean, ordea, ETAk ezarritako bonba autoak utzitako txikizioaren arrastoak nabarmenak dira iraino.
ETAren izenean mintzatu zen ezezagun batek deitu zuen, abenduaren 31ean, goizeko 10.00ak aldera Bilboko suhiltzaileei esanez 11.00ak aitzin bonba eztanda eginen zuela EiTB taldeak Bilbon duen egoitza nagusian.
Ertzaintzak bertan ziren langileak kalera atera arazi zituen. Hartara, Termibus autobus geltokia hustu zuen Ertzaintzak, baita EiTBren egoitzaren ondoan diren "El Mundo", "Deia", Antena 3, "Expansión" eta Onda Cero komunikabidetako bulegoak ere.
Ondoren, poliziek inguruak miatu zituzte, baita auto susmagarria atzeman ere. Handik guttira, leherketa handia entzun zen. Lehergailua Bami eraikinaren gibelean apartakurik zen Citroën Jumpy furgoneta batean ezarria zen.
Leherketa handia izan zen eta horren eraginez beiraz eginiko EitBren egoitzaren fazada guziz txikituta geratu da. Albistegietako saioetan agerturiko irudien arabera, barruan kalteak murritzagoak lirateke. Leihoetan eta zapaietan atzematen ziren kalte handienak. Sistema informatikoan, aldiz, kalte gutxiago dago.
Leherketa gertatu eta gero, Radio Euskadiren emisioa berta behera geratu zen, musika soilik ematen zutelarik. Alta, handik denbora gutxian, Radio Vitoriatik emititzen hasi ziren berriz. Aldiz, bere baliabide gehienak Donostiako Miramoneko dituen Euskadi Irratiak aurrera jarraitu zuen bere emankizunekin.
Urtatsean, Bilboko suhiltzaileek eta garbiketa zerbitzuko beharginek buru belarri ekin zioten lanari telebista eta irrati publikoaren egoitzan. Gaurdanik, leherketak eginiko kalteak baloratu eta konponketak abiatuko dituzte.
Bestalde, gaur eguerdian EiTBko langileek elgarretaratzeak egin dituzte ETAren atentatua salatzeko.
Komentarioak
Ez dut ulertzen!
2009-01-01
Abenduaren 11-an, Azpeitiko atentatua ta gero Irati Jimenez-ek honako kronika idatzi zuen Berria-n gaur ere
tamalez gauza berdina erran beharrean sentitzen naiz: Ez dut ulertzen!!
"Ez dut ulertzen.
Aurrez beste hainbatetan bezala, Azpeitian ere karta zikinekin jokatu zuten zapalkuntzatik libratu nahi nautenek (euskalduna naiz, beraz, neu salbatu nahi naute, ezta?). Nik utzi diet postontzian gutuna, «mesedez ez ni askatu». Deitu diegu denon artean telefonoz, «ez, benetan, edozein borrokatan ari zaretela ere, jakin ezazue ez dela gurea». Telegrama bidali diegu, «honaino STOP odolaren logika higuingarria zaigu STOP». Emailez jakinarazi diegu giza eskubideak edo direla edo ez direla, erdibide gutxi horretan; ez dagoela karta jokora doan 70etik gorako gizona tiroz jotzea zentzuzko egingo duen aberririk eta baldin badago, ni neu behintzat, ez naizela halako aberriko hiritar. Aitaren etxea defenditzen ari badira, psikoanalista behar dute eta aitarekiko edipoa gainditu, halakorik eskatzen duen aitak ez baitu izena merezi.
Esan diet. Esan zaie. Alferrik. Entzun nahi ez dutena esaten dien herritar bakoitza traidore moduan seinalatu eta ustez beste ezer baino gehiago maite duten herritik botatzen dute. Bat gutxiago herrian baina gu oraindik herriaren hobe beharrez gabiltza.
(???)
Antza denez, ez dute posta irakurtzen, ez dute errealitatearen emaila jasotzen, ez dute ustez defenditzen dituztenen mezua ulertzen. Beharbada beste dei baten zain ari dira, beste email bat irekiko lukete, beste gutun batetan irakurriko balute birritan pentsatuko lukete.
Ez dakit. Emaitzarik ematen ez dieten itsutasunean ari dira, minik baino ekartzen ez digun negargarritasunean.
Ez dut ulertzen."
ugartekoa
2009-01-02
Esaera zaharra egi bihurtu da berriro ere: ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, entzun nahi ez duena baino gorragorrk ere ez...
Zer dela-eta Bilboko bonba hori? Bere eskasean ere, Europako eskuindar demokrazietako telebistak baino eskasagoa al da, halako bonba merezi izateko?
"Egin" itxi zuten, "Egunkaria" itxi zuten, EITB itxi nahi izan digute.. Batzuk eta besteak antzeko helburuekin dabiltzala esan liteke.


- 


