Burasoen nahikeria eta Herriko Etxearen sostenguari esker, Baigura ikastola sortu da Lekornen

Argitaratua: 2010-09-03 15:20:57

70. hamardakaz geroztik ez zitzaion Seaskari gertatu urte berean bi ikastola berri zabaldu izana. Aurtengo sartzeak, ordea, Lekorneko Baigura ikastola eta Itsasuko Arrokagarai ikastolen idekitzea ekarri du. Burasoen nahikeria eta herriko hautetsien sostenguari esker, Seaskaren 28. eta 29. ikastolak, hurrenez hurren, ateak zabaldu dituzte. Lekorneko Baigura ikastolan ikasturteari begira dituen erronkak marraztu ditu Seaskak.

Maite UBIRIA / LEKORNE
Heldu den urtarrilerako 2 800 ikasleen marra gaindituko du Seaskak -iaz 2 575 ikasle ziren 27 ikastoletan banaturik- eta hori berri pozgarria bada erronka berriak ezartzen ditu. Ikasle emendatzeak postu emendaketa ekarri behar lukeela azpimarratu du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Murrizketen garai honetan Estatuak bere hitza atxikiko duela espero du Seaskak, Hezkuntza Nazionalarekin hitzarmenaren indarra nabarmenduz.

Falloux legeak ikastola berriak idekitzeari oztopo nagusienetarikoa izanik horren kontra borrokatzeko prest direla azaldu dute; bestalde, Seaskako arduradunek, Baigura ikastolan eginiko kurtso hasierako ekitaldian.

Lekorne eta Itsasuko ikastola berrien ibilbidea izan du izpide Indok. Bi herrietako herriko etxeek erreztasun guziak eman dituzte burasoen nahikera bete ahal izaiteko. Alta, inbestisamenduak egiteko orduan Falloux legeak ezartzen dituen mugek egitasmo horien gauzapena oztopatu duela gaineratu du Seaskako lehendakariak.

1850ean sorturiko legeak lurralde elkargoei sare pribatuaren eskolen eraikuntzak laguntzea debekatzen du. Seaskak zerbitzu publikoa eskeintzen duela aski frogatu duela nabarmendu du Indok, horren araberako tratamendua galdegin duelarik.

«Ikastolak bi konpetentzi publiko betetzen ditu: hezkuntza eta ondarea, frantziar Konstituzioak euskara zaindu beharreko ondaretzat hartu baitu. Horregatik premiazkoa da Falloux legearen korapilo askatzea», aldarrikatu du Indok. Lege zahar horrek ikastolen garapenari ezartzen dizkion trabak desagerrarazteko bidean, eraikinen diruztatzea galerazten duen artikulua bertan behera uztea galdeginen du Seaska.

Angelu, Hendaia, Urruńa... Ikasleen emendatzeak txiki utzi ditu hainbat ikastola eta eraikin berriak egiteko edo egungoak handitzeko arrangurak ez dira falta. Hitza onak jasotzen ditu Seaskak, baina egitasmo batzuk ez dutelako aitzina egiten kexu azaldu da Xiberoko, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikastolen federazioa.

Hendaian gertatzen den bezala, hainbat herri agintariekin dituzten harremanek epe laburrean ez ez badute emaitzik emanen, «hautsiengan presioa egin beharko dugu eta traba horien arduradunak zointzu diren argiki azalduko diegu herritarrei» oharrarazi du Seaskako lehendakariak.

Erakunde epeltasuna, herritarren bihitz beroa

Erakunde batzuen jarrera epelaren aitzinean, herritarren «keinu azkarrak» nabarmendu nahi izan dituzte gaurko agerraldian. Iaz Maialen Suhastek, Bidarteko herritarrak eman lurrari esker ikastola zabaldu zuen Seaskak kostaldeko herrian. Aurten, Claire Haran andereak Baionan duen 4 estaieko hotela emana dio Iparraldeko ikastolen federazioari. Hotel des Basques hotelak 2013 urte arteko alokairu kontratua du. Ondorioz, Seaskak denbora badu eraikinari zein erabilpena emanen dioten erabakitzeko.

( Irakurri ere: Hezkuntza Akademikoaren arabera, egonkortasuna izan da nagusi aurtengo sartzean )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi