Greenpeace-ko militanteak Frantziako Asanblea Nazionalean sartu dira

Argitaratua: 2009-12-02 17:47:17

Kopenhageko gailurra abiatzeko bost egun soilik falta direnean, Greenpeace-ko militanteek hitzetatik ekintzetara pasatzeko agindu diote Nicolas Sarkozy frantziar presidenteari. Horretarako, gaur goizean Pariseko Asanblea Nazionaleko teilatura igo dira ekologistak. Legebiltzarreko kaskotik aldaketa klimatikoa geldiarazteko neurri eraginkorrak eskatu dituzten militanteak bortxaz eraman ditu Poliziak. Ondoren, ekintzaile batzuk Asanblea barruan sartu eta banderola erakutsi dute deputatuen aitzinean.

Frantziako deputatuek aldaketa klimatikoari buruzko eztabaida burutzen zuten mementuan, Greenpeace elkarteko 10 bat ekintzaile eskailera bat hartu eta Asanblea Nazionaleko kaskorat igo dira. Bertatik, «Aux actes Monsieur le président» leloarekin banderola zabaldu dute.

Berehala, poliziak bertaratu dira eta militanteak eraman dituzte. Minuta batzuk solik luzatu da ekintza. Izan ere, hori ez da izan ekintzaile balentria bakarra. Ondoren, Asanblea barruan sartu dira ekologistak eta deputatuek osoko bilkura burutzen zirelarik banderola bat erakutsi dute.

Aldaketa klimatikoaren aurkako gailurraren bezperan, «Estatu buruen hitz ederrak baino ekintzak behar direla» aldarrikatu nahi izan du Greenpeacek.

Kopenhageko akordioa sinatuko duen Sarkozy lehendakariari «xifra zehatzak» emateko galdegin dio elkarte ekologistak. «Hori baita Greenpeacekin batera beste 10 bat talde ekologistek bultzaturiko agiria izenpetu duten 450 000 herritarrek egiten duten aldarria».

Greenpeace-ren erranez, klimari buruzko goi bilera arrakastatsua izaiteko Frantziak eta gainerako herrialde garatuek oinarrizko engaiamendu bi hartu behar dituzte.

Lehenik eta behin, beroketa efektuaren errua duten gazen isurketa gutxitzeko engaimendua zehaztu behar dute. Preseski, 2020. urterako CO2ko isurketak %40ean apaldu behar dituztela gogoratu du Greenpeacek.

Bestalde, epe horretan 110 milliardo euro jarri behar dituzte urtero mahaigainean herrialde txiroek aldaketa klimatikoari aurre egiten laguntzeko.

(Asanblea Nazionalaren barnean eginiko ekintzaren irudiak hemen / Bideoa hemen )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi