CRAC kolektiboak zezenketek Baionako Herriko Etxearen eskutik jasotzen dituzten diru laguntzak salatu ditu

Argitaratua: 2010-09-05 15:47:34

Bob EDME argazkia.

Katalunian zezenketen kontra eman den pausoa nabarmenduz, Baionako CRAC kolektiboak (Comité Radicalement Anti Corrida) borroka horren aldeko dinamika garatu nahi du Ipar Euskal Herrian. Elkarteak zezenketen kontra argitara eman duen agiria hiru lurraldeetako 200 pertsona ezagunek sinatu dute jada. Asteburuan Baionan iragan den den Atlantikoko feria dela-eta, zezenketei buruzko eta jasotzen dituzten diru laguntzei buruzko informazioa azalduz 10.000 esku-orri banatu ditu elkarteak.

Larunbatean, zezen-plazaren aitzinean hasi zen orri banaketa, hiri osoan zabaldu zen arratsaldean zehar. Esku-orri horietan zezenketaren kontrako arrazoiak azaltzen dira. Alde batetik, animalien kontrako erasoa eta ohituraren mugak azaltzen dira.

Bestetik, zezenketak jasotzen dituen diru laguntzen kopurua ere salatzen da, izan ere Baionako Herriko Etxeak diru laguntza handiak ematen ditu ferien kari.

Jean Grenet auzapezak zezenketekiko duen erakarpena dela-eta diru publikoa hein handian horretan erabilia dela salatu dute CRACeko kideek, nahiz eta aurrekontu horiek ez diren argitara ematen. Horren salatzeko 2007ko datu bat erabili du elkarteak, hain zuzen ere, 247.255 euro xahutu zirela zezenketari loturiko ekimenetan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi