2.000 bat ikasle atera dira asteartean Baionako karriketara
Xavier Darcosek, Frantziako Hezkuntza ministroak bere erreforma ez dela heldu den ikasturte hastapenean abian jartzen iragarri zuen astelehenean. Nonbait bere denbora hartu nahi du aldaketak aurrera eraman aitzin. Ikasle mugimendu zabala hedatu da azken asteotan Darcosek aurreikusten dituen erreformen aurka. Hala nola, 2.000 bat ikasle manifestatu ziren asteartean Baionako karriketan.
Darcos Hezkuntza ministroak astearte honetan aurkeztu behar zuen erreforma baztertzea onartu zuen bezperan. Pasa den astean ikasleek burutu manifestaldiek arrazioa hartu diote erreformari eta ministroak iragarri duenez, 2009ko iraileko ikasturtean martxan ezarri behar zituzten neurriak alde batera utziko dituzte mementuz.
SNES Bigarren Hezkuntzako irakasleen sindikatu nagusia pozik agertu da Darcosek harturiko erabakiarekin: «Erreforma atzera dezaten eskatzen aritu gara aspalditik. Ez gaude aldaketak egitearen aurka, baina ez horrela. Eztabaidatzeko prest gaude eta oso pozik, gainera, irakasleen lanaren inguruan hausnartuko delako». FSU sindikatuak ere atseginez hartu du berria.
Alta, ikasleak mesfidati agertu dira. «Aitzinamendu txiki bat» dela aitortu dute baina, gobernuaren asmoen «berme falta dela-eta», ez dituzte mobilizazioak bertan behera utzi.
Astelehenean bertan lizeo eta ikastetxe gehiagok egin zuten bat mugimenduarekin, hala nola Hazparnekoak eta Sohütakoak. Donibane Garazikoan mobilizazioak indartzen ari dira eta bart lizeoan itxialdia egin dute.
Hartara, astearterako deiturik zen manifestazioa arrakastatsua suertatu da. Goizeko 10.00etan abiatu zen martxa Baionako geltokitik. Potesta horretan jende anitz izan da. 2.000 lagun inguru. Bestalde, 14.30ak aldera elgarretaratzea egin dute irakasleek Baionako suprefetura aitzinean.
Aste beroa lizeotan
Orroitarazi behar da pasa den astea beroa iragan zela, Darcos erreformaren kontrako hainbat manifestaldi egon zirenan Iparraldean. Hala nola, Baionako Etxepare eta Cantau lizeoak blokeatu zituzten, Donibane Lohizuneko Ravel lizeoa bezala. Ramiro Arrue lizeo profesionalak ere mobilizazioarekin bat egin zuten, baita Donibane Garaziko Nafarroa bi lizeoetako ikasleek ere. Bestalde, aurten lehenaldikoz Sainte-Anne lizeo pribatuak ere protestari ekin dio.
Pasa den ostiralean, Baionako IUT-aren estrenaldian zeuden hainbat hautetsieri erreformarekiko oposizioa agertu zieten ikaslek. Tentsiozko mementuak egon ziren eta hautetsi bat edo bestek ikaslen protesteri nolabaiteko sustengua helarazi zieten, haien haserrea ulertzen zutela erranez.
Darcosek eginiko iragarpena arren –Hezkuntza ministroak ez du bertan behera utzi bere erreforma, baina bai gibeleratu du planaren abitzeko data– gaurko deiturik zen manifestazioa eginen dutela iragarri zuten atzo ikasleek. badira minuta batzuk abiatu da martxa Baionako geltokitik.
Bestalde, 14.00ak aldera elgarretaratze masiboa egin nahi dute irakasleek Baionako suprefetura aitzinean.
Protestaren bitartez, ikaslek eta azken egunotan baita irakaslek ere Frantziako Hezkuntza Nazionaleak ezarri nahi dituen hainbat murrizketa eta erreforma errefusatu nahi dituzte.
Darcos erreforma
2012. urtean bitartean 90.000 postu desagertuko dira hezkuntza sisteman, horietatik 11.200 aurten eta beste 13.500 heldu den ikasturtean kenduko dituztelarik.
Bestalde, lizeo mailan hainbat eskaintza desagertuko dira baita ere, eta lan heziketaren kasuan 4 urteko prestakuntza izan ordez 3 urtekoa izanen da. Ikasleen ustez, horrek titulazioari balorea kenduko diolarik.
Era berean carte scolaire deiturikoa desagertuz «lizeo txiro eta aberatsen arteko desberdintasunak oraino handiago izanen direla» beldur agertu dira ikasleak.
Ikasleen mobilizazioaren kari berri gehiago atzemateko hona hemen beraiek kudeatzen duten blogaren helbidea:
http://classesvides-5dec.over-blog.fr





