ELBko behi ekoizleak suprefeturaren aitzinean bildu dira, behi esnearen ekoizpena desargetzekotan dela salatzeko
Ehun bat laborari, 12 traktore eta 4 kamioi esne biltzaile bildu dira goiz huntan Baionako suprefeturaren aitzinean. FDSEA sindikatuak onartu prezioak ezin apalagoak direla nabarmendu dute eta prezioak berriz negoziatzea eta Confédération Paysanne sindikatuen artean onartua izatea galdegiten dute negoziazioetan parte hartu ahal izateko. Manifestarien sei ordezkari errezibituak izan dira suprefetaren bulegoan.
Gaxuxa ARRANBIDE / BAIONA
ELB sindikatuak deiturik elgarretaratzea antolatu dute behi esne ekoizleek suprefetaren aitzinean, behi esne prezioak ezin palagoak direla salatzeko. Ehun laborari eta 12 traktore lekutu dira goizean ELBko militanteek blokeatutako 4 esne biltzaileen 4 kamoiekin batera.
Izan ere, goizean goiz, sindikatuko laborariek Ortzaizen Haizehegoa enpresako behi esne biltzailearen kamioia blokeatu dute elgarretaratzean parte har dezan. Irrisarrin, berriz, CLPB-ko kamoia, Lekunberrin Danone enpresakoa eta Ahetzen Berria koperatibakoa ekarrarazi dituzte.
Manifestarien sei ordezkari suprefetaren bulegoan errezibituak izan dira, hau da 4 enpresa hauetako ordezkari bana, Trois.A enpresako bat eta ELB sindikatuko beste bat. Suprefetak ordezkarien aldarrikapenak entzun ditu eta buruilan prezioak berriz aztertuak izanen zirela erran die.
Ezin onartuzko prezioak
FNSEA sindikata eta industriaren artean adostu duten prezio ezin apalagoa dela salatu dute behi ekoizleek elgarretaratze berri honekin. Izan ere, kargu guzien betetzeko laborariek 330 euro tonaka galdegiten zuten, baina FDSEA sindikatuak 280 eurotan saldua izatea onartu du.
Alta, FDSEA sindikatuko laborariak adostua izan den prezioarekin kexu dira ere eta kudeaketa zentro batek inkesta egitea galdegin zuten. Inkesta honen arabera, sindikatuak onartutako prezioarekin behi esne ekoizleek errebeniorik ez dutela ukanen 2009an eta, hori baino larriago, 1 300 euroko ziloa aitzinikusia da etxaldeetan. Hala, sindikatu ezberdinetako laborari guziak onartua izan den prezioa ez onartzea baino beste aterabiderik ez dute.
Prezio horrekin, Euskal Herriko behi esne produkzionean desagertzekotan dela nabarmendu dute ELBko ordezkariek goiz huntan Baionako suprefetuaren aitzinean. "Egoeraren larritasunaren aitzinean, esneketari guziak gurekin bildu dira gaurko prezioak hiltzera kondenatzen gaituela nabarmentzeko" azaltzen du Mixel Etxeberri Aiherrako behi esne ekoizleak.
Mixel Etxeberrik, ELB-ren izenean, "ekoizteko gastuen eta gure lanaren ordainketa segurtatuko duen prezioa finkatzeko negoziketa berriak martxan ezartzea ezinbestekoa" dela azpimarratu du. Horretarako, sindikatu guziak, bazterketarik gabe, mahain inguruan izatea exijitzen du ELBk, gaur egun Confédération Paysanne sindikatua baztertua dela nabarmenduz.
Horrez gain, esne kotak atxikiz eta hobetuz, ekoizpenaren mugatzea beharrrezkoa dela uste du Etxeberrik. "Europako barn merkatuak galdegiten duen esne kantitateen araberako produkzioak baizik ez ditu prezio onargarriak segurtatuko, bai laborari eta kontsumitzaileendako. Esne soberakinen kudeaketak diru publiko ainitz galdegiten du" azaltzen du Etxeberrik ELBren izenean.
Egoera hobetze aldera
Ordezkariek egoeraren larritasuna esplikatu diote suprefetari eta FDSEAk onartu prezioak hiltzera eramaten dituztela adierazi diote. Supreferak industriek 280 euro baino gutiago ezartzeko prest zirela azaldu die eta beraz, 280 euroak gairaipen bat gisa hartzeko. Ordezkariek industrien jokoa beti hor izan dela erantzun dute, baina bizieineko prezioa dela ez duela kentzen gaineratu dute.
Ordezkariek produkzionearen gastuak ordaintzeko eta bizitzeko gisan 35 euro tonaka pagatua izatea galdegin dute eta suprefetak buruilean Frantzia mailan prezioak finkatzeko azterketa berri bat izanen dela erantzun diete. ELBrendako buruila biziki berant da egoera ikusita.
Azkenik, ministro berriaren adierazpenak gaitzetsi dituzte ordezkariek. Izan ere, berrikitan izen datua izan den ministroak kotak ez zirela baitezpadakoa adierazi zuen. Aldiz, laboariek kotak atxiki eta beharrezkoak zirela adierazi dute.







