Egoera larrian diren laborariak laguntzeko bolondresak uzta biltzera deitzen ditu SOS Indartuk

Argitaratua: 2010-09-06 12:06:20

Ezpeletako biperra bilduko dute bolondresek.

Zailtasunean diren Laborarien Laguntzarako Elkartea den SOS Indartuk irailaren 11an Ezpeletako biperra bolondres gisa biltzera joateko deia luzatu du. Ezpeletako biperraren jatorri izendapenaren sindikatuarekin elkarlanean heldu den asteburuan bilduko den piper kilo bakoitzeko 0,35 euro laborariak laguntzeko izanen da.

2001ean sortu zen elkarte honek Euskal Herriko laborariak eta bere familiak laguntzeko xedea du, aldi berean lanaren garapena laguntzeko formazioak antolatzeaz ere arduratzen da. Nekazariak laguntzeko modu ezberdinak baliatzen ditu elkarteak, bereziki laguntza eskaerari modu ezberdinetan erantzunez.

Aurtengo uzta bilketa Larresoroko lurretan eginen da. Ordu batak eta erdietan Ezpeletako merkatu estalian emana da hitzordua. Han bilduriko jendearen arabera lan taldeak antolatuko dira. Bilketa arratsaldeko bostak eta erdiak arte eginen da. Seietan zerbitzu ainitzeko gelan bildutako uztaren araberako diru emaitea eginen zaio SOS Indartu elkarteari, ondoren bufet bat eginen da.

Izen ematea lehenago egin nahi dutenek Ezpeletako biperreko sindikatura deitzen ahal dute: 05 59 93 88 86.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi