Eguraldiak gutxi lagundu bazuen ere, jende andana elkartu zen Baigorrin
Nafarra izan edo ez, apirilaren azken igandean jende uholdeak hartzen ditu Baigorriko karrika eta plazak. Atzokoan ere, eguraldiak gutxi lagundu bazuen ere, jende andana izan zen bertan. Euriari aurre eginez, euskal lurralde berekoak direla aldarrikatu zuten jai giroan.
Beren lurraldearen biziraupenaz kezkaturik, duela hogeita hamaika urte, Baigorriko gazte koadrila batek hainbat ekinbide jarri zituen abian garapen ekonomikoa, laborantza, hizkuntza eta kulturaren defentsan.
Herri eta kultura berekoak izaki, bi lurraldeetako herritarrek elkar ezagutzea eta euren artean loturak sortzea edota sendotzea bilatzen zuten. Xede horrekin, Basaizea elkartea eratu zuten segituan eta, geroztik, nahiz eta urtean zehar beste ekintza mordoa antolatu, apirila kultur hilabetea bilakatzen da. Nafarroaren Egunak ematen dio amaiera saioari.
Bezperatik hasten da jaia. Izan ere, larunbateko afaria ez da nolanahikoa izaten. Aurtengoan ere, 30etik gora afaltiar izan ziren bata bestearekin lotutako mahai luzean. Bata bestearen berri hartu, bapo jan eta edan, eta, jakina, kantuan bukatu zuten saioa, goizeko ordu txikietan.
Hurrengo goizean, gaiteroen kalejiraren hotsekin berriro animatzen hasi zen Baigorri. Bertan lo pixka bat egitea lortu zutenak agertzen hasi zirenerako, kanpotik zetozen beste batzuek berpiztu zuten herria.
Eguraldi pattalaren erruz, ohiko eskulanen azokatxoan artisau gutxi izan ziren. Halere, dantzariek, joaldunek, trikitilariek eta buruhandiek osatutako kabalkada eguerdirako iritsi zen bertara. «Xalbador» eta «Mattin» Amikuzeko diganteak -gainerakoak ez zituzten atera euritan zela-eta-, nabarmen ikusten ziren aterkien itsasoaren gainean. Bertsoak, Karmeleren irrintzia, jauziak, Larrain dantza eta Basaizea elkartearen hitzen ondotik, azken urteetan ohiko bilakatu den presoen aldeko manifestazioa abiatu zen frontoi aldera.
Azken urteotan Ortzaizeko eta Donibane Garaziko ikastolek prestatutako herri-bazkaria hotzordu galduezina bilakatu da. Hala izan zen ere atzo. 1.200 lagun elkartu ziren karpapean, sekulako giroan.
Urteko mezua
Txaranga, trikitixa eta Xalbador eta Ihidoi eta Fermin Valenciaren abestien artean, berebiziko arretaz entzun zuten han bildutakoek Basaizea elkartearen urteko mezua. Euskara eta euskal lurraldearen defentsan lehenengo Nafarroaren Eguna egin zenetik hogeita hamaikagarren urtea betetzen zirenean, batarentzat zein bestearentzat egungoak «garai ilunak» direla iritzi zion elkarteko eledunak.
Gasteizko gobernua PSOEren esku jartzeko zorian, Nafarroan Sanz eta haren lagunen jokaerak eta Ipar Euskal Herrian, Estatu frantsesa hiru lurraldeak bizirauteko ahalmenak urritzen ari delarik, inguruabar iluna ageri zen, zinez.
Horrez gain, «euskal herritarrok sekulako errepresioa pairatzen ari gara», gaineratu zuen, eta salatu zuenez, euskalduntasuna eta abertzaletasuna jomugan jarrita, «dena debekatu nahi dute». «Etsipenean ez erortzera» dei egin zuen, eta Nafarroa, Amaiurtik Zangozaraino edota Baigorriraino, bakoitza bere berezitasunekin, «lurralde bera» dela gogorarazi zuen.
«Inposatutako nortasuna eta mugak» onartezinak direla salatu, eta «euskal mendietan arrano beltzaren hegaldiak mugak ez dituela bereizten» argitu zuen, jarraian dei eginez «buruak altxa eta lurra defendatzera».
Goizean, plazan jaurtiriko mezuak, berriz, metafora izan zuen ardatz. Nafarroa etxetzat hartu, eta «ekaitzaren mehatxupean» dagoen etxea dela azaldu zuten. «Kontrako haizeei aurre egiteko murruak sendoak baditu ere», etxe barruko kalapitak nabarmendu zituzten bereziki.
«Guztiok nahi dugu etxea zutik mantendu, baina ez gira ados jartzen zer-nolako moduan egin» gehitu zuen, denen artean, «kolore anitzeko etxea» eraikitzera deituz.
Arratserako, Baigorriko karrikak jendez husten joan ziren. «Sanferminetan ikusiko gara», «Tafallako jaietara joango al zarete?» eta antzekoak, agur moduan. Norbaitek Odei Barroso bertsolari gazteak aurtengo Nafarroaren Egunaren karietara egindako bertsoak gogora ekarriko zituen: «Nafarroa bat eta bakarra, garai, altu, behe, azpi... Baigorrin goiz ta arrasti...» eta Euskal Herriko muina den lurraldearen eztabaida piztu zen. Erantzuna, ordea, bertsoetan bertan zegoen: «Zer gara sei edo zazpi?. Bat gara, ez al da aski?».
(Arantxa Manterola kazetariak "Gara" egunkarian idatzitako kronikan oinarritu gira artikulu hau osatzeko)
(Irakur ere: Nafarroaren Eguna. Historia, Floren Aoiz idazlearen idatzia; Odei Barrosoren bertsuak...)





