EHA: «Europako bozetan lortutako emaitza indar abertzaleak biltzeko baliatu nahi dugu»
Euskal Herriaren Alde (EHA) hautagaitzak bere poza azaldu du Europako Hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. Hemendik aurrera sozial eta herri mailan lanean segitzen dutela azaldu du. Bir maneran, bozketan eskuratu dituzten sustengu guziak «abertzaleen artean loturak sendotzeko» baliatu nahi dituztela azpimarratu dute EHAko ordezkariek, ostegun arratsean, Urruńan eginiko agerraldian.
Maite UBIRIA | URRUŃA
Hauteskundeek utzitako argazkiaren argi-ilunak nabarmendu dituzte EHAko ordezkariek. Alde batetik, bere kezka agertu dute abstenzioa maila altuagatik, eta baita eskuinak lortu duen garaipenagatik.
Nicolas Sarkozyk bere erreformak eta politikak aurrera ateratzeko indarra hartu duela, eta horrek «sozial arloan eta herri mailan bere lana areagotzeko» behartzen dituela abertzale eta ezkertiar oro azaldu dute.
Bestalde, abertzaleek egin duten aitzinamenduarekin kontent agertu dira Ixabel Etxeberria eta Battit Amestoy EHAko zerrendakideak. Herritarren Zerrendak (HZ) badira bost urte eginiko emaitza aise hobetu dutela azaldu dute. Orotara 500 boz gehiago eskuratu baititu Euskal Herriaren Alde zerrendak.
«Europe Ecologiek oso emaitza onak egin ditu eta, kalkuluak egitea zaila bada ere, bistan da bozka abertzaleak baliatu dituela Bove efektua handitzeko; horri gehitzen badiogu EHAk eta PNBk lortutako emaitza, guretzat argi da abertzaleen presentzia indartu dela hauteskunde hauetan» azaldu du.
Bozketa amaituta, «geroari begira gure lehentasuna hauxe da: gizarte eta herri mailan lanean segitzea, eta ahalegin guziak egitea aurrerantzean alderdi abertzaleen elkarlana indartzeko», adierazi du Etxeberriak.
EEuropa mailan indarturik atera den eredu liberalaren aurka «lehen indar ezkertiar» gisa agertzen dela bozketa honen ondoren EHA nabarmendu dute, Iparraldeko eskualde anitzetan erreferente abertzale nagusia dela gaineratu dutelarik. Hala nola Muskildin, Larrainen, Bunuzen, Saran, Urepelen edo Eiherelarren lehen indarra direla era Bidarrai, Luhuso edo Lekornen bigarrena gogora ekarri dute.
Bozen lapurketa
Europan eskuinak duen nagusitasuna kezkatzen dituela adierazi ondoren, Hego Euskal Herrian «Alternatiba Internazionalistaren bozekin egin duten iruzurra» oso gertakari larritzat jo dute baitaere.
«Estatuak legetik kanpo utzi nahi izan zuen hautagaitza eta hori lortu ez duenean bozak lapurtu dituzte, eurodeputatua lortu ez zezan edozein sistema balio duela erakutsiz», salatu dute.
Hauteskunde kanpainia Jon Anzaren desagerpenarekin hasi zela eta hauteskundeen biharamunean hiru gazte atxilotu dituztela Lapurdin azpimarratu dute ondoren, «atzo, gaur eta beti gure lan politikoan segituko dugula eta Estatuari zintzotasunez jokatzeko galdegiten diogu» adierazi du irmoki Etxeberriak.





